Euskerearentzako gune babestuak sortzeko konpromisoa hartzen hasi dira

Bizkaie! 2019-12-03 08:44   Euskerea berbagai

Ariguneak izango dira bigarren Euskaraldiko elementu barriak.

Gehiago, gehiagogaz, gehiagotan lemapeko ariketa sozialean, ahobizi eta belarriprestak taldekako alkarrizketetan be euskeraz egitea bultzatu nahi da. Erakundeen barruko funtzionamenduan edo herritarrakazko hartu-emonetan euskerearen erabilerea erraztea da ariguneen helburua. Ariketea egiteko prozesua abian jarri daben hamabost erakunde aurkeztu dira honezkero eta eurek egingo dabe, bakotxak bere sektorean, Euskaraldian parte hartzeko deia.

Datorren urtean egingo dan Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizinoan, ariguneak sortzeko prozesua martxan dago Euskal Herriko lurralde ezberdinetan. Bart Itsasmuseum Bilbao itsas-museoan egindako ekitaldian aurkeztu ditue konpromiso hori agertu daben erakundeen arteko hamabost, izakera, neurri, jatorri eta sektore ezbardinekoak. Horreek datorren urteko ariketa sozialerako erakunde barruan ariguneak antolatzeko baldintzak dituen aztertzeko, gune horreek identifikau eta bultzatzeko konpromisoa hartu dabe.

Ondokoak dira aurkeztu diran hamabost horreek: Oreka IT aholkularitza-taldea, Deustuko SGEL liburu-dendea, GKN Zumaia, Iruñeko Duguna jantza taldea, Kutxabank, Athletic Fundazinoa, Musikene goi-mailako musika ikastegia, Elika Fundazinoa, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Bilgune Feministea, Laneki lanbide heziketarako ikasmaterialen argitaletxea, Artepan okindegiak, Sokoa altzari produktorea, Euskal Herriko Meatzarien Museoa eta UVESCO taldea.

Hurrengo hilebeteetan erakundeotan ariguneak sortu, bultzatu, identifikau eta babesteko prozesua martxan jarriko da, Euskaraldian zehar arigune modura ibilteko prest egon daitezan. Euren sektoretan parte hartzeko deia egin deien egin da gaurko aurkezpena, nork bere arloan trakzinoa egitea bultzatzeko.

Euskerearen bizibarritzrako oso garrantzitsuak diran eremuetan (besteak beste, aisialdian, alor sozio-ekonomikoan eta administrazinoan) euskerearen erabilerea suspertzeko neurri praktikoak bultzatzea dau helburu Euskaraldiaren bigarren edizinorako proponidutako barrikuntzeak. Eremu horreetan lehendik dagozan planak eta ekimenak osotuko ditu Euskaraldiaren proposamena, enpresetan eta erakundeetan egiten diran euskara planen osogarri eta lagungarri izan daitezan.


Norbanakotik taldera: urrats bat aurrera

Lehen Euskaraldiak hiztunen banako hartu-emonetan eragiteko aurkeztu euskun: ahobizi eta belarriprest rolak aurkeztu eta gizarteratzeko balio izan eban. Milaka lagunek beren hizkuntza portaerak aztertu eta horreek aldatzeko lehen pausuak emon zituen. Aldaketa horretan nabarmen eragin eban gizartean sortutako babes giroak. Azken aldagai hori oso kontuan hartu da hurrengo edizinorako proposamen barria osotzeko.

Bigarren edizinoan pausu bat gehiago emongo da, ahobizi eta belarriprestek hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketea egiteaz gan, taldeko hartu-emonetan be eragin nahi baita. Antolatutako eremuetan (enpresa, erakunde, alkartea, klub, fundazino, kirol-talde...) izango da 2020ko ariketa soziala, eta ariguneak sortzea izango da asmoa.

Ariguneak erakundeen barruko euskeraz egiteko gune babestuak dira, arigunea osotzen daben kide guztiek euskerea ulertzeaz gan, euskeraz berba egin nahi dabenakaz aldekotasuna adierazoten dabelako. Horregaitik, ariguneetan euskerazko hartu-emonek zilegitasuna eta babesa izango dabe eta errazagoa izango da bertan euskeraz egitea. Ariguneak erakundeon barruko funtzionamenduan euskerearen erabileera babesteko sortutako ariguneak izango dira eta, bestetik, herritarren harrerarako edo kanpo hartu-emonetarako dituen kanpo-ariguneak. Barrukoek balioko dabe barruko funtzionamendua euskeraz izateko eta kanpokoek euskerazko zerbitzua edo arretea eskaini ahal izateko.

Lehen Euskaraldian erakundeak sustatzaile izan zirala nabarmendu da agerraldian, kideak ahobizi edo belarriprest jarduteko funtzinoa izan ebela, hain zuzen. Bigarren edizinoan, ostera, ariguneak sustatzeaz gan, arigune horreek babesteko neurri praktikoak hartzeko ardurea izango dabe.

Prentsaurrekoan parte hartu daben zenbait erakundetako ordezkariek azaldu dabe lehen Euskaraldian izandako esperientziak ekarri dauela pausu gehiago emotea. Duguna jantza taldeko zuzendari Aritz Ibañezek, esaterako, azpimarratu dau Euskaraldiaren lehen edizinoan taldeko jantzari gehienek izena emon ebela eta ariketeak iraun zituan 11 egunetan egindako 3-4 saioetan ez zala euskerazkoa ez zan berbarik entzun. 2020ko Euskaraldiak egindako hautuan sakontzeko eta euskerearen inguruko taldekideen hizkuntza ohiturak indartzeko eta egonkortzeko balio izatea espero dau Ibañezek.

Kutxabank-eko Txikizkako Negozioaren Zuzendari Eduardo Ruiz de Gordejuelak be ondokoa adierazo dau: 2020ko Euskaraldiak, aurreko aukera barritzeagaz batera, erakundearen inplikazino handiagoa eskatuko deusku eta, gure kasuan, aurreko edizinoan landu bako eremuak lantzeko aukerea zabalduko deusku. Euskerearen ahozko ezagutzaren kudeaketatik erabilerearen kudeaketarako pausua emoten laguntzea.


Pausurik pausu, aurrera

Euskaraldiaren koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk ekimenaren izaera progresiboa azpimarratu nahi izan dau: 2020an egingo dan ariketeak aurreko edizinokoak baino egun gehiago izateaz gan, herritarrak taldeko erabagiak hartzea bultzatzea be badau helburu, eragina areagotzeko baliogarria izango dalakoan eta taldearen babesean, ohiturak eta portaerak aldatzeko baldintza hobeak sortuko diralakoan. Kopuruetan baino, ariketearen eraginean jarrita dau, aurten be, koordinatzaile sareak helburua, gizarte aldaketek denporea eta ekina eskatzen dabelako. Horregaitik, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua berretsita, ahobizi eta belarriprest rolek jarraituko dabe dinamikearen erdigune izaten. Horregaz batera, erakundeen neurri zehatzak bultzatu nahi dira, euskeraz egiteko gune babestuak iraunarazoteko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputau Lorea Bilbaok Euskaraldia erakunde askoren arteko alkarlanaren emoitza dala azpimarratu dau. Era berean, erabilerarako babes guneak sortzeko aurretik egondako esperientziak eredu izango dirala be aitatu du, Bizkaiko Foru Aldundian bertan egindako esperientziak nabarmenduz.


Ariguneak inskribiduteko epea zabalik

Ariguneak inskribiduteko epea zabalik dago eta izena emotea Euskaraldiaren webgunearen bitartez egin ahal izango dal. Webgunean bertan azaltzen da ariguneak sortu eta inskribiduteko prozesua. Izena emoteko epea 2020ko garagarrilera arte egongo da zabalik, denporea beharko dabelako erakundeek 2020ko zemendiaren 20tik aurrera egingo dan ariketarako preparetako. Halan da be, izena emon ahal izateko, ariguneak non dituan identifikau eta kideakaz adostasuna hitzartu beharko da.


Hainbat erakundetako ordezkariak

Agerraldian hamabost erakundeetako ordezkariez gan, Euskaraldiaren koordinazino mahaiko erakundeetako kideek eta beste zenbat erakundetako ordezkariek parte hartu dabe: Euskaltzaleen Topagunearen izenean, Kike Amonarriz lehendakaria; Eusko Jaurlaritzea ordezkatuz, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburua; Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoaren presidente eta Euskal Urigune Alkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordea; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol foru diputadua eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko euskera zinegotzia.

Euskaraldiaren koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk aurkeztu ditu ariguneen gaineko zehetasunak.


II. Euskaraldia

Noiz: 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunez.

Hurrengo hilabeteetarako kontuan hartzeko faseak: 2019 bagila-abendua: herri batzordeek izena emoteko epea; 2019ko zemendia-2020 garagarrila: erakundeek ariguneak identifikau, kideen adostasuna lortu eta izena emoteko tartea; 2020 iraila-2020 zemendia: belarriprest eta ahobizien izen-emotea; eta 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra: Euskaraldia.


Euskerearen Nazinoarteko Eguna. Adierazpena


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu