Simone de Beauvoir: 'Bigarren sexua' euskeraz
2019-11-29 08:45 KultureaIrene Arrarats Lizeaga itzultzaileak ekarri dau euskerara Jakin-en eta Elkar-en Eskafandra bildumarako.
Saiakerea liburuki bitan banatuta argitaratu bada be, alkarregaz salduko dira. Emakumea ez da jaioten. Egin egiten da, esaldi ezagun horrek laburbatzen dau Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakerea. 1949an argitaratua, aitzindaria izan zan emakumearen ustezko izatearen naturalizazinoa eta zapalketa sistemikoa azaleratzen, ikerlari baten zehaztasun eta sakontasunez. Gaur egun Mendebaldeko pentsamenduaren giltzarrietako bat da, erabateko klasikoa. Eskafandra bildumeak euskerara ekarri dau Irene Arrarats Lizeaga itzultzailearen lanari esker.
Beste alde batetik, Iratxe Fresneda eta Nora Alberdik Bigarren sexua(z). Collage film laburra osotu dabe eta estreinua Durangoko Azokan izango da, abenduaren 6an, 19:30ean.
Egungo auzietako askori heltzen deutse Simone de Beauvoirren saiakereak. Egileek eurek aurkezpena egin dabe gaur goizean Donostiako Udal liburutegiko sotoan, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria eta Antxiñe Mendizabal Elkar-eko editorea lagun.
Ez zan feministea
Sikate garaia zan. Sufragismoaren mobimentu historikoa amaituta egoan ordurako, eta 70eko hamarkadako olatu feministarik ez egoan oraindino, gogorarazo dau Arraratsek; gainera, garai haretan berak ez eban ezelako kontzientzia feministarik. Filosofoa eta existentzialistea zalako heldu eutson gaiari. Baina ordura arte inork egin ez ebana egiten hasi zan: kulturearen mekanismo zapaltzaile batzuk deskubriduten, hau da, emakume izatea ez dala izakera bat ondorioztatu eban Simone de Beauvoirrek, egoera bat baino.
Kontuak kontu, Eskafandrak liburuki bitan argitaratu eta biak batera salduko dira 30 euroan. Lehenengo liburukiak emakumeari buruz esan eta irudikatu dana aletzen dau, hainbat ikuspegitatik. Bigarren liburukiak, barriz, emakumeen bizimoduari erreparetan deutso, bere egoera eta baldintzei: amatasunari, ezkonduaren bizimoduari, prostituzinoari, lesbianen egoereari, umezaroari...
Bigarren sexua(z). Collage
Durangoko Azokan estreinauko dabe film laburra Iratxe Fresnedak eta Nora Alberdi zinemagileek. Horretarako, hainbat alkarrizketa egin ditue: Amaia Lasa, Jule Goikoetxea, Jenofa Berhokohrigoin eta beste batzuekaz, horreen berbak buztartzeko gero pentsalari frantsesarenakaz. Filma Durangoko Azokan estreinatuko da abenduaren 6an, 19:30ean. Emakundeko ordezkariak be izango dira bertan, proiektuaren babesle izan baitira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!