Ttap aldizkariak eta Kanaldudek irabazi ditue XXXI. Rikardo Agirre Sariak
2019-11-29 08:54 Pil-pileanAitamen berezia egin deutsie Iñaki Elorza, Txapas-i.
Andoainen egindako ekitaldian emon zituen bart XXXI. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Komunikazinoaren kategorian, lau finalisten artean Ttap aldizkaria aukeratu dau epaimahaiak, euskerazko hedabideetara formatu barri bat ekarri dauelako. Izan be, Ttap gailu mobikorretarako aplikazino baten bidez zabaltzen dabe astero, eta arin irakurri eta ikusteko edukiak eskaintzen ditue. Igazko udan hasi zan martxan, eta dagoeneko hiru edizino daukaz, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Nafarroakoa.
Kazetaritza atalean beste lau finalista egon dira. Epaimahaiak Kanaldude telebistako Hurbiletik saioari emon deutso saria, erreportajeak egiten herritarrek hartu leikielako parte. Idearen garapenean, gidoian, grabazinoan zein edizinoan laguntzeko atea zabalik egoten da.
Aitamen berezia Iñaki Elorza, Txapas kazetari azpeitiarrari egin deutsie edizino honetan. Irratiko uhinetatik, batez be Euskadi Irratitik, milazak entzuleren bidelagun izan da luzaroan esatari beterano hori. Era guztietako kirol emonkizunetan ibili da, batzuetan atzerritik be egin ditu partiduen kontaketak.
Ekitaldian izan ziran, saritu eta finalistez gan, Andoaingo Udaleko ordezkariak, erakunde horrek antolatzen dauelako, urtero, Rikardo Arregi zanaren omenezko sariketea. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta beste erakunde publiko batzuetako kideak be egon ziran.
Gazterik hil zan Rikardo Arregi kazetari eta euskaltzale andoaindarra, auto istripuan, 1969an. Halandabe, ekarpen oparoa egiteko astia izan eban, euskal kazetaritzea modernotzen. Haren ekarria gogoratzeko, Rikardo Arregi irakurtzen ekitaldia egin eben atzo. 340 lagun inguruk hartu eben parte, bakotxa Andoaingo kazetariak idatzitako txatal bat irakurten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!