Aukera barriak bilatu ditu ETS-k
2019-11-27 13:21 MusikeaZortzi kantuko diskoa plazaratu dau talde arabarrak, Pello Reparaz produktorearen laguntzinoagaz.
Ibilbide luze baten ostean, ETS, edo En Tol Sarmiento, bidegurutze batera heldu zan orain dala pare bat urte. Betikoa egiten segidu, taldea desegin, zeozer barria egiten ahalegindu... aukera ugari euki zituen, eta aurrera egitea izan zan Arabako Errioxako Ekora herriko boskotearen erabagia. Beti-betiko estiloa oinarri, baina bide barriak bilatzeari ekin eutsien. Emoitzea, euren bosgarren diskoa izan da, Aukera berriak (Baga-Biga).
Krisia orain dala lau bat urte igarri neban nik, betikoa eginaz ez ete ginan aspertuko pentsetan hasi nintzan, azaldu dau Iñigo Etxezarreta ETS-ko kideak. Orain dala urte bi heldu zan norabide aldaketea. Batetik, Etxezarretak ordura arteko lanpostua alboratu eban ETS-ko kantu barriak sortzen buru-belarri hasteko. Bestetik, lehenengo aldiz, produktore bat hartzea otu jakon boskoteari, kanpoko begirada batek mesede egingo eutselakoan. Hortaz, Pello Reparazegaz hasi ziran lanean.
Lanpetuta ibili zan Iñigo Etxezarreta disko barriaren oinarria bilatzen, Pello Reparaz lagun: Biok gara perfekzionistak eta horrek lana luzatu eban. Azkenik, zortzi abestiko diskoa aurkeztu ahal izan dau ETS-k, Bilbon egindako agerraldian. Han izan dira taldeko bost kideak eta Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru.
Etxezarretak abestien melodia guztiak eta berba batzuk idatzi eta gero, ganerako taldekideek eta hainbat kolaboratzailek biribildu dabe diskoa. Esate baterako, Jon Maiak Beste behin abestiko berbak egin ditu, Gorka Pastorrek pianoa jo dau Heldu da garaia-n eta abesti bereko harizko instrumentuak Claudia Oses eta Ivan Carmonaren esku egon dira.
Aukera berriak izena aukeratu dabe, diskoko abesti baten izenburua izateaz gan, ETS-ren aro barria ederto erakusten dauelako. Izan be, bide barriak hartzeko inoz ez dala berandu uste dabe, bizitzeko modu barriak marrazteko konbitea da.
Jaietarako eta ondo pasetako aproposak diran ska doinuak eta haizezko tresnak ez ditue guztiz baztertu, baina, oinarri hori gordeta, bueltea emon deutsie euren estiloari. Bildur barik sartu doguz melodiak, erritmo barriak bilatu, danetarik dago diskoan, azaldu dau Etxezarretak. Pop eta rock doinuak topauko ditu entzuleak Aukera Berriak-en, reggae ikuturen bat be bai, eta Heldu da garaia balada erako kantua da.
Bide barriak bilatzeko mezua behin eta barriro agiri da diskoan, eta, horrezaz gan, hainbat gairen inguruan gogoetea egin nahi izan dabe ETS-koek. Itxureak gaur egungo gizartean daukan pisuaz, maitasunaz, bizi beharreko momentuez... egiten dabe berba kantuek. Ganera, Isiltasunaren indarra-n Gerra Zibilean Ekorako alkate izandakoari gorazarre egin deutso ETS-k. Herrikideak ez salatzeagaitik, faxistek hil egin eben.
Lehengo freskotasunari uko egin barik, ze jai eta plazetan joten segiduteko asmoa dabe, heldutasuna bilatu dabe disko barrian. Horri esker, areto zarratuetan be emongo ditue kontzertuak, eta, berbarako, Euskal Herriko uriburuetako agertokietan jo nahi dabe udabarri aldean. Horren aurretik, abenduaren 5ean Durangoko Azokan daukie emonaldia eta Hatortxu Rocken be hartuko dabe parte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!