'Nori' nobela grafikoa aurkeztu dabe Xabi Payak eta Patxi Gallegok

Bizkaie! 2019-11-27 09:23   Kulturea

2015ean hasitako trilogiako bigarren liburua da.

Patxi Gallego, Xabier Kintana, Antxoka Agirre eta Xabi Paya, Bilbon. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nori saldu deutsie euskera batua?, galdera hori da Nori liburuaren azpititulua, eta istorioaren nondik norakoen barri emoten dauen galderea. Xabi Payaren gidoia eta Patxi Gallegoren marrazkiak dituan nobela grafikoak etorkizunera eroango gaitu, Atlantikoaren alde bietako herrialdeek sinatutako TTIP akordioa indar betean dagoan momentura. Baten batek euskera batua erosi eta patentau dau.

Umorea eta satirea erabiliz, Amaia Ezpeldoi eta Damian Arruti detektibeen gorabeherak eta abenturak kontetan ditu Nori-k. Iraganera bialdu ditue, euskera batuari Creative Commons lizentzia emoteko helburuz, aurrerantzean libre izan daiten berau erabiltea, patente barik.

Nor-nori-nork trilogiaren bigarren liburua da Nori. Lehenengoan, Nork izenekoan, Andoni Egaña bertsolaria hilteko konplota kontau eben Payak eta Gallegok, 2015ean. Kasu haretan be, fikzinozko egoera bitxiak, pertsonaia ezagunak eta umorea izan ziran ardatza.

Bigarren abentura honetan be antzeko formulea erabili dabe egileek. Payaren eta Gallegoren arteko urte biko alkarlanaren emoitzea da argitalpen barria. Behin Nori kaleratuta, trilogia amaitzeko Nor faltauko litzateke, ikusteko dago erronka horri helduko deutsien.

Kontuak kontu, irakurleen eskura dago Nori. Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, egin dabe aurkezpena Payak eta Gallegok, eta abenduaren 6an eta 7an Durangoko Azokan, Bertsolari aldizkariaren erakusmahaian izango dirala aurreratu dabe. Aurkezpenean, Xabier Kintana euskaltzaina eta Antxoka Agirre Bertsolari aldizkariko zuzendaria izan ditue egile biek alboan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu