52 artisauk hartuko dabe parte Durangoko Euskal Dendan

Bizkaie! 2019-11-27 08:09   Pil-pilean

Abenduaren 5etik 8ra izango da, Merkadu Plazan.

Endika Zabala eta Ima Garrastatxu, Durangon (argazkia: Arbaso) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokeagaz batera, azken hamarkadetan hitzordu garrantzitsua da Arbaso alkarteak antolatzen dauen Euskal Dendea. Euskal Herriko artisauen topalekuak 24. edizinoa beteko dau aurten, abenduaren 5etik 8ra. Orain arteko zuzendariaren, Bernat Vidalen lekukoa hartu dau Endika Zabalak azokearen gidaritzan. Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eta Zabalak berak azaldu ditue edizino honetako nobedadeak, Durangon bertan egindako agerraldian.

Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 52 artisauk ipiniko dabe erakusmahaia Merkadu Plazako gunean. Horreetatik 13, lehenengoz egongo dira Durangoko hitzorduan. Jatorriari jagokonez, bizkaitarrak dira gehienak, 24, eta hamar gipuzkoar be egongo dira. Nafarroako bederatzi, Arabako zortzi eta Lapurdiko beste bat be badagoz parte-hartzaileen artean.

Endika Zabalak nabarmendu dauenez, momentu gozoan dago euskal artisautzea. Ilusinoz hasi diran artisau gazte asko dabizala ikusi dabe sektoreko arduradunek. Larruzko lilia leloa izango dau 24. Euskal Dendeak, artisauen pasinoaren eta euskal kultureari bizia emoteko egiten daben lanaren adierazgarri.

Erakusmahaietan danetariko produktuak ikusi eta erosi ahal izango dira: Bitxiak, narrua, zeramikea, egurrezko piezak, apaingarriak... Horrezaz gan, lanbide tradizionalen eta artisautzako tekniken erakustaldiak antolatuko ditue eta zozketak be egongo dira. Azokako lau egunetan, goizeko 11:00etan zabalduko ditue ateak; domekan, 20:00etan zarratuko dabe, eta ganerako egunetan, 21:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu