Akrobaziak baino askoz gehiago
2019-11-26 13:42 BidaideZhuhaiko zirku lehiaketeak 22 herrialdetako taldeak batzen ditu.
Ranran neskatoa ahoa eta begiak zabal-zabalik dago. Horren kontzentrauta dagoanez, zirkinik be ez dau egiten, eta ez da gitxiagorako. Hazur-haragizko superheroien desfilea, Marvel unibersokoak balira legez, ikusten dago. Gizon-emakume horreek euren gorputzak muga guztietatik harago eroaten ditue: Batzuetan hegaz egiten dabe, euren besoak hegoak izango balira legez; beste batzuetan, gorputza gomazko panpinen moduan kiribiltzen dabe, oilo eperdia ipinten daben armiarma bihurtu arte.
Txinako Nazinoarteko Zirku Jaialdiaren seigarren edizinoko 200 lehiakideak dira, Monte Carloko Jaialdiagaz alkarlanean antolatutako hitzordu ikusgarria. 6.700 ikuslerentzako lekua daukan Chimelong Antzoki koloretsuaren kupulearen azpian, lehiaketeak 22 herrialdetako taldeak batzen ditu.
Instalazinoak garagarrilean zabaldu zituen, eta puntako aurrerapen teknologikoak dakarrez. Areto osoa beteten dauen soinua eta agertokia argitzen daben laser eta argi sistemak osogarri bikainak dira dozena bi zirku ikuskizunetarako. Hainbat kategoriatan banatuta, ikuskizunek lasaitasunezko putz eta ufadak, sorpreseak eragindako aldarriak eta txalo zaparrada itzelak eragiten ditue. Herrikoi izatetik arte landu izatera pasau dan entretenimenduaren Olinpiadak dira.
Ez genduan espero horren gauza sofistikadurik, pentsetan genduan zirkua pixka bat halamoduzkoa izango zala. Baina liluratu egin gaitu ikuskizunak, jantzea, musikea eta antzerkia buztartzen ditualako -bikote batek tango bat jantzatu dau malabarismoak egiten zituan bitartean-. Halako ezer ikusi barik egon gara orain arte, dinosku Ranranen aitak, Peng abizeneko gizon batek. Alboan, bere andreak, Lin Weik, irribarrez onartu dau trapezista eta akrobaten gorputz eskulturalakaz gozetan dagoala. Harritu nau saio batzuk sexy samarrak izateak, dino erdi barreka.
Biluztea eta erotismoa ondo zuztartutako tabua diran herrialde baten, zalantza barik deigarria da Perspektibak alemaniarra. Erropa gitxi soinean eta jarrera sensual nabarmenagaz egiten dabe hegaz saio horretako akrobatek. Edonor harritzekoa da, bestetik, Symbiosis ikuskizuna egiten daben kontorsionista kanadar bien eszenaratzea, bildurrezko film baterako aproposagoa: gizon bat eta emakume bat begi zuri ikaragarridun marasma bihurtzen dira. Ranranek begiak tapau ditu.
Zortzi urteko neskatoari gehiago gustetan jakoz trapezisten aireko txiribueltak, ikusleen arnasea eteteko modukoak -artistaren bat segurtasuneko sarean jausi da-, eta Maria Shevchenko ukrainiarraren Zetazko airea ikuskizuna, soka biren laguntzinoagaz agertokiaren ganetik hegaz egiten dauelako, ezelako segurtasun sistema barik eta soinu eta argi efektuakaz bat. Geroago, Scandinavian Boards ikuskizuna sortu daben suediar eta herbeheretarrek airean hamar metro gora egin dabe, figura txundigarriak sortuz. Bikers talde ukrainiarrekoek, ostera, sokasaltoan olgetan dabe neumatiko erraldoien ganean eta sokearen ordez kate lodi-lodiak erabilita.
Horrenbeste abangoardiaren aurrean, Txinak jarten dau kontrapuntua. Hiru mila urteko historia daben akrobazien sorlekua danez, tradizinoaren alde egin dau herrialde horrek, eta taldekideen arteko koordinazino perfektua behar daben saioetan jaun eta jaube dira txinatarrak, ezinezko orekadun formazinoei esker. Erropa tradizionalak soinean, 30 bat artistak torre handi bat egin dabe, Kataluniako castells-en antzekoa, baina honeek buruz behera dagoz. Ganera, akrobatek ikutu komikodun forma bitxiak sortzen ditue, eta zaleek txalo zaparrada bategaz saritu dabe.
Emozinoen errusiar mendia da jaialdia, ikarearen atzetik Comical Duos taldeko pailazoek eragindako barreak datoz. Sudur gorridun galtzailearen estereotipotik urrun, magia, akrobazia eta komedia buztartzen dituan istorioa kontau dabe. Errusiarrak diran arren, hizkuntza unibersala da eurena, eta Ranran barre algaraka dabil behin eta barriro. Joko Olinpikoetan egiten danaren antzeko banderadunen desfile txikiagaz hasi, eta ordu bi eta erdi geroago amaitu da lehiaketea. Ranranek ez dau jesarlekutik altzau nahi. Bihar barriro bueltauko gara?, galdetzen dau.
Urteroko zirku lehiaketea Txina hegoaldeko Guandong probintziako Zhuhai uriaren apustua da, auzokide dauen Macaora doazan turistak erakarteko. Portugalgo kolonia ohia jokoaren munduko erdigunea da, Las Vegas gaindituta, eta handik Zhuhaira joan gura dauenak, oinez egin leike uri bien arteko bidea, eta hiru egunez bisadurik be ez dau beharko. Perla ibaiaren inguruko eskualdearen integrazinorako Txinak martxan jarritako proiektu handinahia be badago lehiaketearen atzean. Barrikuntzarako gune barria sortu nahi dabe han, Hong Kong eta beste zortzi uri be tartean dirala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!