Anatsui, Artschwager, Clark, Eliasson, Krasner, Yiadom-Boakye... 2020an Guggenheimen
2019-11-26 09:14 KultureaVasily Kandinskyri eskainitako erakusketa berezi bat be egongo da.
Bilboko Guggenheim Museoaren Patronatuak batzar nagusia egin dau, eta 2020ko programazinoaren zertzeladak emon ditue. Dagoeneko zarratuta dagoz datorren urteko erakusketa guztiak, ohiko moduan egitarau oparoa izango da: hainbat sasoitako artistak eta mobimenduak errepasauko ditue, bideo-arteak be lekua izango dau...
Gaur egungo artean funtsezkoak diran artista ugariren obrak ikusi ahal izango dira 2020an: El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Lee Krasner eta Lynette Yiadom-Boakye. Film & Video aretoan, ostera, formatu plastikotik aldentzen diran ikus-entzunezko proposamenak batuko ditue, kasu honetan hiru: William Kentridge, Isaac Julien eta Alex Reynolds.
XX. mendeko jokera artistiko esanguratsuenen inguruan Guggenheimek egiten dituan erakusketen artean, 2020an Vasili Kandinskyrena nabarmenduko da. Pasa dan mendeko lehenengo hamarkadetako artea irauli eban artista horren pieza garrantzitsuak ekarriko ditue, tartean Bilbon sekula ikusi bako asko. Horrezaz gan, 1920ko hamarkadako urte zoroen, batez be Paris eta Berlinen, inguruko beste erakusketa bat be badator datorren urtean.
Behin 2020ko plana guztiz zehaztuta, hurrengo urteetakoa be lotzen dabiz museoko arduradunak. 2021eko proiektu batzuk dagoeneko aurreratu leitekez, esate baterako, XIX. mendearen amaieran eta XX. aren hasieran Bilbon egiten zan pinturearen ganekoa. Yoshitomo Narari eta Ibon Aranberriri monografiko bana eskainiko deutsiez.
Balantzea
Patronatuaren batzarra 2019ko datuak errepasau eta aztertzeko be aprobetxau dabe. Bisitarien aldetik, urte jentetsua izaten dabil aurtengo hau, ze dagoeneko 1.079.000 lagun pasau dira museotik, aurreikusitakoa baino % 21 gehiago, urtea amaitzeko bost asteren faltan. Bisitarien hiru laurenak atzerritik datoz.
2020ko aurrekontua aurtengoa baino % 3,4 handiagoa izango dala adostu dabe Patronatuko kideek. Sarrerak saltzetik irabazten dan diruaren igoereak eutsiko deutso aurrekontu handiagoari, erakunde publikoek emoten dabena aurreko urteen pare geratuko da eta.
Sarrerak saltzeko politikea aldatu egingo dau Guggenheimek 2020an. 18 urte arteko gazteak doban sartu ahal izango dira, eta ikasle zein pentsinodunentzako onurak hobetuko ditue. Erakusketa bakotxeko azken eguneko arratsaldean, sarrerak % 50 merkeagoak izango dira.
Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuan dagoz, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Lorea Bilbao Kultura diputadua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea. Juan Ignacio Vidarte Bilboko museoko zuzendariagaz batera, Richard Armstrong, New Yorkeko Guggenheimeko zuzendaria be batzarrean izan dira. Pilar Aresti, Ohorezko Kideen Batzorde Aholkulariaren presidentea be Patronatuko kide da, kulturearen eta gizartearen alorretako beste ordezkari batzukaz batera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!