2019ko Mendi Tourrek 16.000 ikusle izan ditu
2019-11-25 10:40 ZinemeaUrtarriletik zemendira, 50 uri eta herritara heldu da zikloa.
Gero eta zabalkunde handiagoa dauka Mendi Tour ziklo ibiltariak, eta 2019ko datuak jokera horren erakusle dira. Asteburuan egin ditue aurtengo edizinoko azken saioak, Potesen, eta urte osoko balantzea plazaratu dabe antolatzaileek: 16.000 ikus-entzule joan dira proiekzinoetara, aurreko urtean baino gehiago. Errekorra da kopuru hori Mendi Tourren historian.
Bilboko Mendi Film Festivalen ikusitako pelikularik nabarmenenak beste herri eta uri batzuetan erakustea da Mendi Tourren asmoa. Aurtengo zirkuituan, Euskal Herriko leku ugari egon dira, baina Espainiako erkidego askotatik be pasau da. 13 erkidego eta 20 probintzia bisitau ditu zikloak, antolatzaileen arabera. Esate baterako, Malaga, Madril, Salamanca, Extremadura eta abar.
The Dawn Wall izan da 2019ko Mendi Tourreko film izarra. Tommy Caldwell munduko big wall edo horma handietako eskalatzailerik onena da protagonistea, eta 2018ko Mendi Film Festival jaialdiko inaugurazinoan proiektau eben. Gero, Epaimahaiaren Saria irabazi eban. Everest Green, Viacruxis, Bayandalai Lord of the Taiga... be egon dira Mendi Tourreko aukeratuen artean.
Behin aurtengo zikloa amaituta, laster baten dator BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 12. edizinoa, abenduaren 6tik 15era. Mendiagaz, abentureagaz, natureagaz eta muturreko kirolakaz lotutako pelikula ikusgarriak aurkeztuko ditue bertan, eta, ondo bidean, 2020ko Mendi Tourren egongo dira horreetako batzuk.
Gautegiz Arteagatik mundura
Hain zuzen be, abenduko Mendi Filmen hartuko dau parte Gautegiz Arteagako Andrabide harrobia ardatz dauen Harria herria dokumentalak. Kareharri kristalizadua ateratzeko Andrabide harrobia, gaur egun erabilten ez dana, da agertokia. Bost jantzari bertikal, eskalatzaile bat, Oreka TX taldea, Miren Narbaiza abeslaria eta Karmele Gisasola harri-jasotzailearen artean emakumearen figurea ardatz dauen irudikapen ikusgarria sortu dabe.
Gautegiz Arteagako ondarea eta paisajea ezagutuarazoteko aukera bikaina dala uste dau Udalak, eta ez dau zalantzarik izan jantzea, musikea eta harrobia buztartzen dituan proiektu horri laguntzeko. Kalidadeagaitik eta gaiagaitik, harro egoteko modukoa da kolaboratzaile izatea, geure kultur ondarea zabaltzeko aukera parebakoa da, adierazo dau Josu Naberan Gautegiz Arteagako alkateak.
Harria Herria Dimegaz Kultur Alkartearen proiektua da, Janire Etxabe eta Oier Plazaren gidoiaren ganean egina. Bilbon egingo dabe estreinaldia, Mendi Filmen barruan, abenduaren 7an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!