'Tipo apartak nahi ditugu', gizontasun eredua ardatz

Bizkaie! 2019-11-22 12:47   Kulturea

Bada garaia tipo apartak, gizon onak agertu eta aurrera pausua emon deien.

Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistearen kontrako kanpainea abiarazo dau zemendiaren 25eko Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren harian. Kanpaina horren bidez gizonek emakumeakazko daben jarreran eta jokabidean eragin nahi dau.

Tipo apartak nahi ditugu lemapean, errespetetan, baloretan eta babesten daben gizonak diralako, konpartiduten dabenak eta, aldi berean, kontroletan ez dabenak, zapaltzen, iraintzen, erasoten eta hilten ez dabenak.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak, aurkeztu dau kanpainea eta bertan izan dira Bizkaiko emakumeen kirolaren munduko erreferenteak, besteak beste, Juana Molina (Lointek Gernika, saskibaloia), Ainhoa Zurinaga (Lutxana Arraun Taldea, arrauna), Anne Erauskin (Zuazo, eskubaloia), Ainhoa Tirapu (Athletic Club, futbola) eta Ixa Rodríguez (boxeoa).

Laespadak azaldu dauenez, Gizon eta emakumeen arteko desbardintasunean oinarritutako gizartean bizi gara eta emakumeek adierazo dabe eraso barri bakotxa, hilketa barri bakotxa, azkena izan daitela.

Bada garaia tipo apartak, gizon onak agertu eta aurrera pausua emon deien, tipo apartak dira bardintasuna babesten dabenak, indarkeria matxistearen kontra dagozanak maila guztietan, heroi erromantikoak ez diranak, ezta sexu-harrapakariak be, bardintasunezko afektibidadea eta sexualidadea oinarri dabenak, inguruko personak jagoten dituenak, etxeko eta familiako esparruan parte hartzen dabenak, samurtasunez jokatzeko kapaz diranak, euren pribilegio matxistei uko egiten deutseenak, ospe eta botere guneak konpartiduten dituenak bardintasun baldintzetan, eta tipo apartak diranak zemendiaren 25ean eta urteko gainerako egunetan.

Aldundi osoaren barruan aliantza logikoa bilatu nahi izan da eta erakundearen lokal askotan kartelok ikusi ahal izango dira. Era berean banaketan Bizkaiko ehun udal baino gehiagoren, lurraldeko merkataritzearen (Cecobiren eta Bilbao Dendaken bidez), emakumeen eta bardintasunaren eremuko erakunde eta alkarte, ikastetxe eta kiroldegien laguntzinoa jaso da.

Era berean, materiala bialdu jake eskola kiroleko klubei, Euskera, Kultura eta Kirola Sailagaz lankidetzan.

Kanpaineak ikusgarritasuna izango dau goi mailako kirol lehiaketetan be, adibidez Athletic Club, Bilbao Basket, Lointek Gernika, Zuazo Eskubaloia, Lutxana Arraun Taldea eta Bidaideak Bilbao BSR taldeei jagokenez.

Beste alde batetik, kanpaineari beste jarduera batzuk gehituko jakoz, besteak beste, Bilboko Emilio Campuzano Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan eta Guggenheim Museoaren atzealdean, itsasadarren ondoan, materiala banatuko da hilaren 25ean bertan.

Hilaren 28an, Gizartegunea izeneko eztabaida eta hausnarketa jardunaldia egingo da, gizonezkoak ardatz hartuta, baina begirada feminista batetik, emakumeen ikuspegitik.

Eta BECen Konstituzinoaren eta Sortzez Garbiaren zubian egingo dan Fun and Serious ekitaldiaren barruan beste material banaketa bat egingo dabe nerabeen artean.

Materialari jagokonez ezarri da 3.000 kamiseta, 250.000 pegatina, 16.000 kartel, 1.500 koaderno, 1.500 motxila, 1.500 poltsa, 41.000 txapa eta mila bat triptiko emongo dirala.

Azken buruan, Gernika-Lumon egindako Osoko Bilkuran, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpena onartu dabe indarkeria matxistearen biktimen erreparazinoaren garrantzia nabarmenduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu