Guggenheim Bilbao Museoak erf bikaintasun-ziurtagiria jaso dau
2019-11-22 12:04 KultureaFamiliari erreparauta arduratsuak diran enpresak autortzen ditu sariak.
Masfamilia Fundazinoak saritu dau Guggenheim Bilbao Museoa familiari erreparauta arduraz jokatzen dauelako. Sari hau jaso dauen lehen erakundea da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako lehen museoa.
Nazinoartean 24 enpresak baino ez dabe irabazi bikaintasun mailea. Ziurtagiriak personen bizitza personala eta bizitza profesionala bateragarria egiteko enpresek egiten dituen ahaleginak saritzen ditu. Ziurtagiria emoteko honako alderdiak aztertzen dira zehatz-mehatz, besteak beste, helburu horretarako onartutako neurriak, horretarako eskainitako aurrekontua eta negozio-adierazleak. Guggenheim Bilbao Museoaren kasuan, azterketearen txostenak oso neurri onuragarritzat jo ditu Museoak personen kudeaketarako erabilten diran ekimen bereizgarriak (edadea, osasun fisikoa eta osasun emozionala lako giza ezaugarri aldakorrak hartzen ditue kontuan) eta eskainitako bateragarritasun aukera zabalak. Ikuskaritza-prozesuak nabarmendu dau museoak haren neurri bereko erakundeen aldean efr eredua (familiari erreparauta enpresa arduratsuak autortzen dituana) ziurtagiria lortzeko eskatzen dan garapen-maila baino askoz be handiagoa dauela eta hori hainbat neurritan ikusgia dagoala: hobetze-helburuak ezartzen dira, Bardintasun-plana indarrean dago, barruko ikuskaritzea eta urteko autoebaluazinoa egiten dira eta familiagazko ardurearen baloreak kanpoko hartu-emonetan bultzatzen dira. Bestetik, bikaintasun-mailea lortzeko masa-soldatearen % 10ekoa bateragarritasunean inbertiduteko eskatzen bada, Museoaren inbersio-mailea horren gainetik dago.
Lana eta familia bateragarria egiteko helburuak berebiziko garrantzia izan dau Guggenheim Bilbao Museoarentzat hasieratik, 1997. urtean ateak zabaldu zituanetik, eta horretarako Ehun persona, ehun salbuespen izan da jokabidea personen kudeaketarako; langileen artean bateragarritasunaren kulturea zabaltzeko hainbat sentiberatze-ekimen bultzatu dira. Bikaintasun-ziurtagiri hau akuilua izango da Museoarentzat etenbarik langileen produktibidadea eta garapen personala eta profesionala sendotzeko bidean.
Másfamilia Fundazinoa eta efr ziurtagiria
efr ziurtagiria Másfamilia Fundazinoak emoten dauen ziurtagiria da; munduan ez dago familiari begira enpresa arduratsuak autortzen dituan holako ziurtagiririk eta metodologia erraza eta eraginkorra eskaintzen dau enpresetan bateragarritasuna bultzatzeko. Kontuak kontu, efr ereduaren arabera ziurtagiria lortzen daben enpresek erakundearen parte diran personakanako inplikazino handia erakutsi behar dabe nahitaez eta horrek eragin onuragarriak ditu enpresen lehiakortasuna neurtzen daben hainbat adierazleetan, berbarako, talentua erakarri eta horri eusteko orduan, eta konpromisoa, zoriontasuna eta laneko giroa hobetzeko. Ziurtagiriak, bestetik, enpresako lankideen ongizateaz gan euren familiena be badau helburutzat eta horrek langileen jarduna hobetu eta azkenean emoitza produktiboagoak lortzea ahalbidetzen dau.
Mundu osoan zehar, 20 herrialde ezbardinetako 700 erakunde baino gehiagok irabazi dabe Másfamilia Fundazioaren efr ziurtagiria eta. Helburua lan-kultura eredu barria bultzatzea da erantzukizun sozialaren alorrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!