Poesiak eta arteak bat egin dabe Sandro Pennaren testu euskeratuetan
2019-11-22 10:43 KultureaIñigo Astizek itzuli ditu olerkiak, eta marrazkiak Damaris Panenak dira.
Aspalditik erreferentetzat euki dau Iñigo Astizek Sandro Penna idazle italiarra, XX. mendeko poetea, goi mailakoa baina ez lar ezaguna gure artean. Haren poema labur, momentuan momentukoak euskerara itzultzea ez da zeregin erraza, baina Astizek lan horri ekin eutsan, eta emoitzea aurkeztu dau egunotan, Bilduma bat. Sandro Penna izeneko antologia. Farmazia Beltza argitaletxeak ekarri dau papelera.
Poesia bildumea baino gehiago da, baina, honako hau. Iñigo Astiz da egileetako bat, baina ez bakarra, Damaris Pan artista bizkaitarraren ilustrazinoek Astizen itzulpenek besteko pisua dabelako edizino honetan. Liburu artistikotzat jo leiteke Bilduma bat. Sandro Penna.
Panentzat be erreferentzia da Pennaren poesia, eta, beraz, italiarraren berbak marrazki bihurtzeko artista aproposa da. Zuzena, gordina eta lehorra begitantzen jako Pennaren poesia. Beti ertzean, erdigunetk urrun, ibili zan Penna, bere munduan sartuta, zirkulu nagusiek ahaztuta.
Hain zuzen be, bazterrekotasun horrek erakarri ditu Astiz eta Pan, fokuetatik urrun bere-berea dan estiloa topau ahal izan ebalako. Entziklopedietan leku txikia daukan arren, autore ospetsuen erreferente izan zan, esate baterako, Natalia Ginzburg eta Pier Paolo Pasolinirena.
Iñigo Astizek azaldu dauenez, Pennaren poesia soila eta gardena da, lerro gitxidun olerkiak dira gehienbat. Baina sinpletasun horrek sakontasuna ezkutetan dauela dino Astizek, berba gitxitan momentu bat zehaztasunez agertzeko gauza zalako Perugian jaiotako idazlea.
Damaris Panen marrazkiak ez dira poemen ilustrazinoak, nahiago izan dau olerki bakotxetik aske dagozan marrazkiak egin, Pennaren sortzeko modua ikuspegi orokor batetik erakutsiz. Pennaren poemetan berba gitxi, sarritan errepetidutakoak, agertzen diranez, estilo horretan egin ditu Panek ilustrazinoak. Testu lehorrak, kondensaduak, halako marrazkiak behar ditu alboan, artista bizkaitarraren ustez. Lapitzez marraztu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!