Santi Brouarden bizitzea batu dabe 'Antzara eguna' komikian

Bizkaie! 2019-11-20 09:18   Kulturea

Harkaitz Canok idatzi dau, eta marrazkiak Adur Larrearenak dira.

Harkaitz Cano, Adur Larrea eta Garazi Arrula, Bilbon (argazkia: Bilbo Hiria Irratia, CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

1984ko zemendiaren 20an, gaur 35 urte, hil eben tiroz Santi Brouard mediku eta politikaria, Bilboko konsultan beharrean egoala. Euskal gizartea astindu eban hilketeak. Brouarden bizitzea, nortasuna, eguneroko pasarteak eta heriotzea jaso ditu Txalaparta argitaletxeak Antzara eguna komikian, iragana eta oraina lotuz. Kontakizunean, fikzinora jo dau Harkaitz Cano idazleak, errealidadea kontuan hartuta, jakina. Adur Larreak, bere partetik, zuri-baltzezko marrazkiak egin ditu, orain dala 35 urteko giroa agertzeko.

Txalapartako editore Garazi Arrulagaz batera agertu dira jentaurrean Cano eta Larrea, Bilbon, komikiaren nondik norakoak azaltzeko. Pelikula baterako gidoia idazten hasi zan Cano, baina, azkenean, komiki formatuan ikusi dau argia proiektuak. Horren bizimodu aktibo eta esangura sozial zabala eukan gizon baten joan-etorriak komiki baten laburtzea izan da egileen kezka nagusietako bat.

Fikzinoaren bidez, Brouarden azken egunak kontetan ditu Antzara eguna-k, orduan pil-pilean egozan gai nagusietan ibilbidea eginaz. Persona publikoa ez eze, alderdi pribadua be erakusten ahalegindu dira Cano eta Larrea. Brouardek egunero aldean eroaten eban agendea lantresna baliotsua izan da zeregin horretan.

Estereotipoetatik urrun ibili dira pertsonaien izakerak agertzeko orduan. Brouard bera, politikari eta pediatra ospetsua izateaz gan, bromazalea, hur-hurrekoa, kulturzalea eta euskaltzalea zala azpimarratu dabe Canok eta Larreak. Haren bikotekide Teresa Aldamiz be agertzen da istorioan. Hiltzaileak, Luis Morcillo eta Rafael Sánchez Ocaña, pertsonaia gaiztoaren topikoetatik ateratzen ahalegindu dira.

Adur Larreak zuri-baltza aukeratu dau Brouarden bizitzea irakurleen begietara eroateko. 1980ko hamarkadako estiloak aztertu ditu, baita bestelako materiala be, orduko komikien estetikara hurreratzeko. Ganera, 1984ko kaleetako elementuak zehaztasunez kopiau ditu Larreak: Autoak, pintadak... Azken baten, Euskal Herriak bizi izandako garai ilun baten lekukotzea da, errealidadea bete-betean azaltzen dauen fikzinozko kontakizuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu