Joxe Azurmendi kongresuan 50 aditu batuko dira
2019-11-20 08:03 Pil-pileanAbenduaren 11tik 13ra egingo dabe, Donostian.
Jakin, EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundia antolatzaile dirala, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia izeneko kongresua egingo dabe abenduaren 11tik 13ra, Donostiako San Telmo Museoan. Azurmendiren pentsakerea eta ekarpena gaur egungo begiradatik aztertuko ditue hainbat alorretako 50 bat hizlarik. Hizkuntzea, kulturea, politikea eta literaturea jorratu ditu Azurmendik bere ibilbide luzean, gogoeta teorikoak eta unean uneko diskursoak tartekatuz.
Edegiera ekitaldi bereziagaz hasiko da kongresua, abenduaren 11n. Bertan hartuko dabe parte Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Jon Insausti Donostiako zinegotziak, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazinoko lehendakariak eta Iñaki Zabaleta irakasleak. Ondoren egingo dabe berba Joseba Zulaikak, Miren Azkaratek eta Pruden Gartziak.
Bigarren egunean, hiru aretotan izango dira saioak, Azurmendiren ekarpenaren alderdi guztiak hobeto aztertu ahal izateko. Berbaldi laburren bidez, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazinoa eta estadua, etikea... jorratuko ditue. Idazle, kazetari, irakasle eta ikerlari ugari konbidau ditue mahai bueltako saiootan parte hartzera.
Abenduaren 13a izango da azken eguna, barriro areto bakarrean. Berbaldi batzuk antolatu ditue eguerdira arte, eta kongresua biribiltzeko, Aginako zero bat ikuskizuna egongo da. Manex Agirrek, Jon Aranburuk, Marco Bianchik eta Gaizka Amondarainek atondu dabe emonaldi berezi hori.
Kongresura joan nahi dabenentzat, izena emoteko epea zabalik dago (hemen). Jente guztiari zuzenduta dago, eta doban apuntau leiteke.
Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena dalako erabagi dabe antolatzaileek kongresuari Joxe Azurmendiren izena emotea. Izan be, 41 liburu eta ia 500 artikulu ditu idatziak. Gaztetan Arantzazuko frantziskotarrei lotuta egon zan arren, denporarik gehien unibersidadean irakasle emon dau Zegamako filosofoak. Jakin Taldeko kide eta ohorezko euskaltzaina da.
Hiru alor nagusitan banatu leiteke Azurmendiren ekarpena: Euskal pentsamenduaren azterketea; pentsamendu europarrraren azterketea; eta unean uneko auzi etiko-politikoen inguruko gogoetea. Gai mamintsu horreek guztiak lantzeko, euskerea dau lehengai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!