Javier Echániz eta Asier Guerricaechebarríaren 'Sorbeltz' lanak Gidoi Saria irabazi dau

Bizkaie! 2019-11-18 09:49   Zinemea

Asmoak dira ikusentzunezko egitasmo barriak sustatzea eta zinemagintzearen kalidade literarioa indartzea.

Ezkerretik eskumara, Javier Echániz eta Asier Guerricaechebarría Julio Alejandro 2019 SGAE Gidoi Saria jasoten, SGAE Fundazinoaren presidente Juan Ramón Arnáizen eskutik. | Ikusi handiago | Argazki originala

SGAE Fundazinoaren eskutik, hiru bikote ziran, tartean euskal gidoigilez osotutako bat. Sariari eusten eutsien lanak, honakoak: Sorbeltz, Javier Echániz (Bilbo, 1956) eta Asier Guerricaechebarría (Bilbo, 1976) egileek sinaturiko narko-thrillerra, euskal gizarteak sufridutako sasoi gogorretan girotua; Desmontando un elefante lelopeko lana, Aitor Echeverría (Bartzelona, 1977) eta Pep Garrido (Bartzelona, 1979) gidoigileen testuagaz; eta No sea tu falta, kasu honetan, Isabel Sánchez Castro (Malaga, 1977) eta Violeta Salama Tapia-Ruano (Granada, 1982) egileak dirala.

Irabazleak Xixongo Nazinoarteko 57. Zinemaldian aditzera emon zituan SGAE Fundazinoak, izan be, egun horretan hasierea emon jakon indarrean dan zinemagintzearen abagune barri honi. SGAE Fundazinoko presidente Juan Ramón Arnáiz bazkideak emon eban saria, FICX Zinemaldiaren eta gure erakundeak alkarren artean daben alkarlanaren testuinguruan.

SGAE Fundazinoak Julio Alejandro Film Luzerako Gidoien XVI. Sariaren deialdia pasa dan bagilean egin eban, 2019ko edizinoari jagokona hain zuzen be. Julio Alejandro gidoigile ezezagun baina handiaren omenezko saria dogu, hau da, Luis Buñuel maixuaren Tristana y Viridiana lako filmen gidoigilea izan zana (Huesca, 1906 – Denia, 1995).

Aurkeztutako gidoiak, 182 guztira, Estadu espainiarreko edozein hizkuntza ofizialetan idatzita egotea beharrezkoa zan, jatorrizkoak izanik, eta gidoiak jasoteko epea garagarrilaren 1ean amaitu zan. Espainia eta Iberoamerikako gidoigileek eutsi egin deutsie aurreko hamabost edizinotan be emondakoari jarraituz.

Egileen Fundazinoak helburu bikotxa bete nahi dau ekimen honegaz, hain zuzen be, ikusentzunezko egitasmo barriak sustatzea eta zinemagintzearen kalidade literarioa indartzea. Lehiaketeak sari bakarra eta zatiezina dau: 25.000 eurokoa. Saririk irabazi ez daben finalista biek, ohorezko izendapen horrengaitik 3.500 euro jaso dabe, guztia, erakundeak izentautako epaimahai profesional baten erispidearen arabera. Aurten epaimahaia honako autore profesionalek osotu dabe: Fernando Castets, Marçal Cebrián, Carmen Fernández Villalba eta Aurora Guerra, batetik, eta Fernando Colomo zinemagilea, bestetik.


Zinema-aretotan ikusitako film luzeak

Asko dira aurreko hamabost edizinoetako irabazleen artean zinema-aretoetan erakutsitako film luzeak, besteak beste, Paisito (Tornasol Films), Ana Díez zuzendari eta Ricardo Fernández Blancoren gidoiagaz; Todos tenemos un plan (Haddock Films), Ana Piterbarg gidoigile; Miel de naranjas (Alta Films), Remedios Crespo andaluziarra gidoigile eta Imanol Uribe euskal zinemagilea zuzendari; Cuando los caballos aprendieron a llorar, Jano Mendoza mexikarra gidoigile -2015ean estreinautakoa Los ausentes bezela- eta Nicolás Peredaren zuzendaritzapean; eta El acompañante, Pável Giroud kubatarraren gidoiagaz. Azken edizinoetan Hielo y fuego, Adán Aliaga eta Alfonso Amador gidoigileen testuagaz (2016), eta Empieza el baile (2017) Marina Szereszevskyk idatzitako lanak izan dira irabazle. 2018an, Amílcar Salattiren AM.-PM izan zan irabazle.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu