Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua aldizkariak eroan dau

Bizkaie! 2019-11-15 13:02   Kulturea

Edukirik onenaren saria, Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da.

Tokikom Sarien laugarren edizinoko sariak emon ditue gaur Basaurin. Euskerazko komunikazinoaren arloko 80 lagun inguru batudira ekitaldira, hainbat erakundetako ordezkariakaz batera.

Epaimahaia Tania Arriaga Azkaratek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osotu dabe eta hirurak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalidadea nabarmentzean.


Sariak:

• Azalik onenaren saria Debagoienako Puntua aldizkariak eroan dau, Antropozenoa izeneko azalagaitik. Epaimahaiak nabarmendu dau azalaren diseinu minimalista eta arriskatua, oso elementu sinple gitxigaz mezu hunkigarria emoten dauena. Azalaren irudia hemen topa dezakezue.

• Edukirik onenaren saria, Urumeako Kronika egunkariarentzat izan da, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajeagaitik. Artikutzako urtegiaren hustuketea ardatz hartuta, Kronikak erreportaje eredugarria landu dau, lehen eskuko informazino ugari eta kazetaritza molde ezbardinak buztartuta, balio dokumental handiko edukia sortuz.

• Ikus-entzunezkorik onenaren saria Goiena Telebistak jaso du, Debagoiena Eraldatzen bideo bildumeagaitik. Bideo horreetan gizartean oro har dagozan hainbat arazo eta aldaketari egin deutse aurre Goiena Telebistak, tokiko perspektibatik abiatuta eta errealizazino aldetik apustu barritzaile eta ausartak eginez.


Aitamen bereziak

• Hiruka aldizkariaren Bayandalai, edur-oreinen azken artzaina? argazki erreportajea. Argazki erreportaje eder honetan oso argi geratzen da irudiak bakarrik erabilita posible dala istorio osoak kontetea. Epaimahaiak argazki-erreportajearen kalidadea nabarmendu nahi izan dau eta toki komunikabideak animau gura izan ditue genero hori sarriago erabili deien.

• Anboto astekariaren Martxoak 31 azala. Kasu honetan be, irudi huts batek mezu indartsu eta hunkigarria emoten dau. Epaimahaiak Irati Egurenek egindako irudiaren indarra azpimarratu nahi izan dau eta aldizkariaren erabagi egokia.

Sariketarako aukeratutako lan finalista guztiak hemen ikus daitekez.


Albiste faltsuen eragina hurrekoko komunidadeetan

Sariak emon ostean, Basaurin batutako komunikabideek goiza aprobetxau dabe albiste faltsuen eta zurrumurruen fenomenoak euskerazko tokiko medioetan dauen eraginaz jarduteko. Horretarako, hainbat adituren ekarpenak egon dira:

• MALDITO BULOko Laura del Riok albiste faltsuen eta zurrumurruen fenomenoaren diagnostiko orokorra egin eta MALDITA.ES ekimenaren barri be emon dau.

• ZURRUMURRUEN AURKAKO SAREko Irantzu Jauregik, auzia hurreko errealidadera eroan eta zurrumurruen kontra lan egiten dauen sare honen funtzionamenduaz jardun dau.

• Euskaltzaleen Tpagunetik, barriz, Mikel Ozaitak Topaguneak kulturaniztasunaren inguruan landutako ikuspegiaren barri emon eta ikuspegi hori hedabideetara zelan eroan daitekeen pista batzuk be emon ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu