Euskerazko antzerki testuak argitaratuko ditu Ganbilak
2019-11-15 09:22 KultureaBilduma barriko lehenengo hiru aleak udagoien honetan bertan egongo dira kalean.
Susa argitaletxeak eta EHAZE, Antzerkizaleen Alkarteak proiektu barria ipini dabe martxan, Ganbila bildumea. Euskerazko antzezlan garaikideen testuak argitaratzea eta zale guztien esku jartea dira egitasmo barriaren zereginak, eta Oier Guillan aktore eta gidoilaria da koordinatzailea. Eskarmentu handiko profesionala da Guillan, urteak daroazalako antzerkigintzan, eta antzezlan ugariren testuak zein liburuak idatzi ditualako.
Ganbila bildumea lanean dago, laster lehenengo aleak argitaratzeko asmoz. Martxan dauka dagoeneko Ganbila.eus webgunea. Udagoien honetan bertan agertuko dira lehenengo hiru liburuak, lau antzezlanen testuakaz. Bazterreko ahotsak izenburukoan, Beheko Larraine taldearen lan bi irakurri ahal izango dira (Atte hil aurretik eta Manifestu bat); Simplicissimus eta Francoren bilobari gutuna antzezlanen testuakaz beste liburu bana agertuko dira.
Liburu bakotxean, testua ez eze, eduki osogarriak egongo dira, esate baterako, antzezlana zelan sortu dan, berbaurrea eta beste argibide batzuk.
Urtean sei liburu kaleratzea da asmoa. Hurrengo argitaraldia 2020ko udabarrirako aurreikusi dabe: Eneritz Artetxeren Isiltasuna, Kepa Errastiren Mami Lebrun eta Sarah Kaneren 4.48 psikosia, azken hori euskerara itzulita. Urteroko harpidetzea 48 euroan egin leiteke, liburuak banan-bana erosten ez ibilteko. Normalean, txanda bitan, udagoienean eta udabarrian, plazaratuko ditue liburuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!