Gernikako Arbolearen kimu bat Getxon dago
2019-11-15 08:05 KultureaGernikako arbolea da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Emon ta zabal zazu munduan frutua.
Getxok Gernikako Arbolearen, Euskal Herriaren bake eta askatasun gogoaren ikurraren ekitaldi ofiziala jaso dau gaur. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Amaia Agirre Getxoko Alkateak, Algortako Agirre Lehendakaria plazan landatu dana Gernikako Arbolearen kimua dala ziurtatzen dauen plakearen estalkia kendu dabe.
Bertan, hau irakurri daiteke gaurtik aurrera: Gernikako Haretxaren leinukoa, Euskal Herriaren askatasunen eta bake gogoaren ikurra. 1937an, herritar zibilen kontra munduan berariaz egindako lehen bonbardaketea jasan eban Gernikak. Pablo Picassok horren gomutaz egin eban Guernica artelana. Gernikako arbolea da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Emon ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua (Jose Maria Iparragirre 1820-1882).
Herritarrek parte hartzeko zabalik egon da ekitaldia eta bertan Batzarretako kideak, Udaleko zinegotziak eta udalerriko biztanleek hartu dabe parte. Ekitaldian, Jose Maria Iparragirrek 1853an idatzitako 'Gernikako Arbola' ereserki ezaguna abestu da, Gernikako haretxari eta euskal foruei eskainitako omenaldia. Horren ostean ohorezko aurreskua jantzan egin eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkari gorenak kimuaren egiazkotasuna erakusten dauen ziurtagiria emon deutso alkateari.
Gernikako Arbolearen aldaska Agirre Lehendakaria plazan dago daborduko, XIX. mendetik bost kontinenteetako lekuetan landatu diran bostehun kimu ingurugaz bat eginez, izan be, Getxo, Gernikako haretxaren kimua daben herrien zerrenda luzean sartu da, besteak beste, Gotemburgo, Padron, Laudio, Pforzeim, Sidney, Auschwitz eta Washington. Ekitaldiari amaierea emoteko, erretratuak egin ditue haretx txikiaren aurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!