Indarkeria matxistarik bako espazioen sarea kanpainea Getxon
2019-11-14 09:30 Pil-pileanZemendiaren 25ean izango da Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazinoarteko Eguna.
Carmen Díaz eta Amaia Agirre.
Indarkeria matxistarik bako espazioen sarea sortzea da Getxoko Udalak sustatutako kanpainearen helburua, zemendiaren 25ean egiten dan Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazinoarteko Egunaren harian; Horren bitartez, erakundeak indarkeria matxistarik bako gizartea eregiteko dauen konpromisoa berretsi nahi dau, hori indarkeria estrukturala dalako; ezbardintasunean, bereizkerian eta gizonek emakumeen gainean daben boterean oinarritutako indarkeria, giza eskubideak urratzen dituana. Algortako Dendak, Getxoenpresa eta Romotik Romora erakundee babesa dauen kanpainearen helburuak dira indarkeria matxistearen gainean sensibilizau, prebentzinoaren bidez bardintasunaren aldeko aldaketa-espazioak sortzen lagundu, baliabideak ezagutarazo, babes eta defentsa-guneak sortu eta indarkeria matxistei amaierea emoteko gizartearen laguntzinoak dauen garrantzia nabarmendu, azpimarratu dau Amaia Agirre Getxoko alkateak.
Bestalde, Carmen Díaz, Gizarte Kohesinoko zinegotziak azaldu dau kanpaineak ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduei dinotse indarkeria matxistarik bako espazioak sustatu deiezan, hainbat konpromiso hartuz, besteak beste, jarrera matxistei aurre eginez, publizidade sexistarik erabili ez, Getxoko baliabideak ezagutzera emon eta zabaldu eta indarkeria matxisteari amaierea emoteko Udalagaz bat egitea.
Sareagaz bat egiten daben komertzioek bereizgarri bat jasoko dabe establezimenduetan toki ikusgarrian jarteko. Udalak ostalaritzako eta merkataritzako tokien zerrenda gaurkotuta izango dau ikusgai webgunean. Atxikimendua udal webgunearen, berdintasuna@getxo.eus edo 944 660 136 telefono zenbakiaren bitartez egin leikie interesatuek. Orain arte 120 bat atxikitu dira eta udalak gainerakoak batu daitezala gura dau.
Gainera, aitatutako establezimenduei gonbita luzatuko deutsee erakusleihoak zemendiaren 22tik 25era baltzez jazteko, indarkeria matxistearen kontrako jarrerea salatu eta ikusgai jarteko.
Erradikalak ginen saioa
Zemendiarebn 20an, 19:30ean, Erradikalak ginen izeneko bardintasunari buruzko bertsoen eta bakarrizketen ikuskizuna ikusi ahal izango da, euskeraz, Algortako Azebarri Kultur Alkartearen egoitzan, Udalak antolatuta. Saio horretan Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal bakarrizketa-egile eta aktoreak, ikuspegi feministatik eta umorea erabiliz, hainbat gai jorratuko ditue, besteak beste, bardintasuna, sexualidadea, gorputz-antzaldaketak, zahartzaroa, merkatu patriarkala, intersekzionalidadea, indarkeria eta bestelakoak. Ikuskizunerako sarrera dobakoa izango da.
Beste jarduera batzuk
Urtero legez, pankartak puntu lilarekin jarri dira udaletxean, Santa Claran, Areetako Musika Eskolan eta Bizkaia Zubian, eta adierazpen instituzional bat proponiduko da onartzeko. Beste jarduera batzuen artean, Mujeres con Voz alkarteak Si vos no hubieras nacido izenburupeko antzezpena antolatu dau La Cachada taldearen eskutik, zemendiaren 22an, barikuan, 20:00etan, RKEn; Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladeak emakumeen kontrako indarkeria mueta guztiei buruzko barriketaldia antolatu dau hilaren 19rako, RKEn; leku berean; Gizatiar alkarteak bere ohiko alkarretaratzea deitu dau zemendiaren 25ean, 19:30ean, Bizkaia Zubia plazako puntu lilan, eta ordu berean, baina Areetako Geltokia plazan, beste bat izango da, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladeak deituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!