Babcock Wilcoxeko aztarnak, artelan bihurtuta

Bizkaie! 2019-11-14 09:07   Kulturea

Azken alabak erakusketea Bilboko Euskal Museoan dago ikusgai.

Alberto Salcedo, Bilboko Euskal Museoan, artelan bihurtutako aztarna industrialei begira (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

1918tik, Bizkaiko Ezkerraldeko industriaren sinbolo nabarmena izan da Babcock Wilcox enpresea. Baina 2011n zarratu eben behin betiko, eta iraganaren gomutea baino ez da geratzen bertan behera itxitako pabilioietan. Alberto Salcedo artisteak aztarna industrialak artelan bihurtu ditu, eta holan jaio da Azken alabak, urtarrilaren 5era arte Bilboko Euskal Museoan egongo dan erakusketea.

Babcock Wilcoxen pabilioietan geratutako hondakin eta tresnak dira erakusketako obretako lehengaiak. Alberto Salcedo arduratu da material horri zentzun barria emoteaz, hau da, arrasto industrialei ikuspegi artistikoa topau eta erakusketa baten batzeaz. Industriaren eta gizarte postindustrialaren arteko transizinoaren inguruko gogoetea egin dau Salcedok. Era horretara, artearen bidez Bizkaiko industriaren iragana ezagutuko dau publikoak.

Fabrikako hondakinen, agirien eta piezen artean agertutako materialagaz, 27 eskulturako bildumea egin dau Salcedok. Ganera, ikus-entzunezko instalazino bat ipini dabe hiru pantailatan. Artisteak fabrikara egindako bisitaldiko eta drone batek airetik hartutako irudiak ikusi leitekez bideoetan, baita Babcock Wilcoxen antxinako iragarki bat be.

Artearen inguruko ikasketak egin zituan Alberto Salcedok EHUn. Artearen eta ikerketen bidez, praktika artistiko garaikideen eta industria ondarearen arteko loturak aztertzen ditu. Gaur egun, EHUn dabil, doktorego-tesiaren proiektua garatzen. Hain zuzen be, Azken alabak erakusketea Euskal arte eta memoria industriala. Industria-ondare obsoleszentea ekintza artistikoaren bidez biziberritzea tesiaren parte da.

Lehendik be banakako erakusketak eginak ditu Salcedok: Bilbao Art District, Ondarearen Europako Jardunaldiak, Deustuko Zubiko esku-hartzeak eta FairSaturday, besteak beste. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren 2018ko Arte Plastikoetako Sorkuntzarako dirulaguntzinoa jaso eban, baita hainbat erakunderen babesa be, berbarako, Bizkaiko Foru Aldundiarena, Bilbao Arte Fundazinoarena eta EHUrena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu