Garabide eta Emun Mexikon dabiz nawat komunidadeagaz hizkuntza lankidetzan

Bizkaie! 2019-11-14 08:14   Kulturea

Nawat komunidadea Mexikoko Pueblan bizi da eta eremu zabalean 1.500.000 hiztun inguru ditu.

Nazino Batuen Erakundeak 2019 Hizkuntza Indigenen Nazinoarteko Urtea izentau dauen honetan Garabide Alkarteak bere ekimenak ugaritu eta euskerearen bizibarritzean dabizen eragileakaz hartu-emonak estutu ditu; horreen artean, Emun euskera eta barrikuntza soziala batzen dituan kooperatibeagaz indarrak batu ditu Mexikoko Tosepan Kooperatiba taldean nawat hizkuntzearen plana jorratzeko.

Garabide Alkartea hizkuntza lankidetzea egiten dauen Gobernuz Kanpoko erakundea da eta bere egiteko ezagunena munduko hizkuntza gitxituetako ordezkariei Euskal Herrian eskainitako trebakuntzea badira be, Aditu Ikastaroa edo Ikastaldia kasu, munduan barrena hizkuntzearen bizibarritzerako aholkularitza lana be egiten dau Bidaide programearen barruan. Bidaide programearen bidez Garabidek zubi lana egiten dau eta tokian-tokiko hizkuntza bizibarritze beharrei erantzuten deutse Euskal Herriko adituen laguntzaz. Testuinguru horretan sortu zan orain urte eta erdi Mexikoko nawat hizkuntza komunidadean, Puebla estaduko Tosepan kooperatiba taldearen barruan, hizkuntza plana lantzeko preminea.

2006tik ebizan Tosepanen nawat hizkuntzearen bizibarritze lanetan, baina 2018an erakundearen barruan hizkuntza plana egiteko erabagia hartu eben. Prozesu horretan euskera plana erreferente izan eitekeala pentsauta eta, aldi berean, euskera planei prozesu hau hurretik biziteak egingo leikien ekarpenaz jaubetuta, Emun kooperatibara hurreratu zan Garabide, euskerea eta barrikuntza soziala batzeaz harago urteetako esperientzia dauelako sektorean. Beraz, Garabideren bitartekaritzeari esker Tosepan eta Emun batu zituen proiektu honek 2018an.

Nawat komunidadea Mexikoko Puebla estaduko mendikatean bizi da eta eremu zabalean 1.500.000 hiztun inguru ditu. Komunidade honetan berebiziko presentzia eta garrantzia dau Tosepan Titataniske izeneko kooperatiba alkarteak. Horrezaz gan, 200dik gora komunidadetan kooperatiba lokalak ditu martxan eta guztira 40.000 familiak parte hartzen dabe. Beraz, funtzino sozial eta ekonomiko ikaragarria beteten dau erakundeak bere eragin eremuan.

Kontuak kontu, orain urte eta erdi emon eutsien hasierea Garabidek, Emunek eta Tosepanek hizkuntza planari; Emuneko Txerra Rodriguezen aholkularitza tekniko eta Garabideko Gatxiren babesagaz Tosepan talde kooperatiboaren nawat planaren diagnostikoa eta diseinua gidatu eban Lizbeth Sanchez arduradunak. Urte eta erdi honetan planari laguntzino eta jarraipena emon jakoz eta zemendiaren hasieran 15 egunerako joan ziran bigarrengoz Txerra eta Gatxi nawat lurretara.

Helburu nagusi bi ditu zemendiaren 17ra arteko egonaldiak: nawat planaren ebaluazinoa egitea eta kooperatiba taldearen barruko espazio ezbardinetan trebakuntzea emotea. Formazinoari jagokonez, gai biren bueltakoak dira ikastaroak: hizkuntza aktibismoa eta hizkuntza ekologia. Goiz da eragina neurtzeko, baina badirudi bide onetik doazela.

Planaren ebaluaziboari jagokonez, lehentasuna emon nahi izan deutsie indarguneak eta ahulguneak aztertzeari. Pare bat aitatzearren, indargunetzat ondokoa nabarmendu dabe: Talde motorreko kideak hizkuntzearen aktibistak dira, egunerokotasunean interesa erakusten dabe, talde ona osotzen dogu. Ahulguneen artean, barriz, sorpresarik ez: arazo nagusiak dirua eta denporea izan dira.

Etorkizunari begira idea, asmo eta amesik ez da falta nawaten artean, ez horixe. Denporan bat egin dabe faktore biek: batetik, oraintxe egiten dabizen ebaluazinoagaz mugarri bat ipini nahi dabe datozen urteetako dinamikak finkatzeko eta, bestalde, Tosepaneko kide esanguratsu bi Euskal Herritik etorri barri dira Garabidek urrian antolatutako Ikastaldian parte hartu ostean; begiak zabal-zabalik, pilak kargauta etorri dira eta handigurako plan baten zertzeladak aurkeztu barri ditue. Beraz, Euskal Herrian iluntzen dauen hurrengoan gogoan izan itsasoaz bestalde kimutzen dagoan hizkuntza lankidetzea: dagoana aztertu, datorrena irudikatu, proposamen barriak integrau eta, batez be, horri guztiorri osotasuna emon. Hori izango da datozen egunotan, egonaldiak iraun bitartean, euskal ordezkaritzearen egiteko nagusia. Nawat komunidadean Tosepan kooperatiba taldea ausarta izan da hizkuntza plan aitzindari hau martxan jarten: kooperatiba taldea bera indigenen kontrako diskriminazinoari aurre egiteko sortu bazan, bertakoen bizi kalidadea hobetzeko, koherentzia ariketa bat da eredu sozioekonomikoagaz batera geure hizkuntzea, kulturea eta identidadea lantzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu