Bilbo diseinuaren uriburu izango da Bizkaia Design Week-en
2019-11-13 12:23 KultureaZemendiaren 14an inaugurazino-ekitaldia egingo da Zabalguneko eraikinean.
Future us! Design Driven Futures izenburupean, Design Week ekimenaren aurtengo edizinoan, etorkizunari begira egongo gara, baina diseinua abiapuntu dalarik, gure gizartearen, urien, enpresen eta erakundeen erronkei erantzuteko etorkizunak irudikatzeko eta eregiteko tresna eta eragile legez. Testuinguru horretan, profesionalei zein herritarrei etorkizunera begiratzeko aukerea emongo jake sormenagaz zerikusia daben hainbat diziplinetatik: arkitekturea eta urigintzea, artea, artisautzea, ikus-entzunezkoak, diseinua, ilustrazinoa, interiorismoa, modea, publizidadea, komunikazinoa eta bideo-olgetak.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak helburu nagusi bi beteteko antolatu dabe ekitaldia: alde batetik, diseinua sustatzea jarduera ekonomikoa nahiz enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna dauen sektore lez eta, bestetik, lurraldeko sormen-industrien balioa agerrarazotea. Guztira, 5.850 enpresa inguru dira eta 19.745 profesionali emoten deutsee lana Bilbon nahiz Bizkaian.
Sektore honetako enpresen hazkundea azken urtean % 0,5ekoa izan da, eta esparru honetan enplegua % 0,52 hazi da. Sormen-sektoreko enpresek Bizkaiko enpresa guztien % 6,4 dira, eta lurraldeko enpleguaren % 4,5 hartzen dabe. Design Week / BBDW erakundeen arteko proiektu bat da, eta errotuta dago urian zein lurraldean; bidenabar, diseinu eta sormen-industrietako 300 enpresa eta profesional baino gehiagok hartzen dabe parte.
BBDW2019ko / Diseinuaren Astea
Programearen zortzi egunetan, milaka personek aukerea izango dabe 50 jarduera ingurutan parte hartzeko.
Aurtengo gonbidatua Eskoziako (Erresuma Batua) Dundee uria izango da, Bilbo bezela, UNESCOren Uri Sortzaileen Sareko kidea. Parte hartzeko, uri horretako diseinatzaileek, artistek eta herritarrek egindako erakusketa interaktibo bi jarriko ditue ikusgai. Zabalguneko eraikinean egongo dira zemendiaren 28ra arte.
Beste alde batetik, Open Studio Bilbao Getxo ateak edegiteko hiru jardunaldi izango dira, bat Getxon eta Bilbon bi; udalerri horreetako estudioek ateak edegiko ditue bisita gidatuen bitartez ikasle, profesional, enpresa eta jenteari harrerea egiteko. Zemendiaren 18an, 19an eta 20an antolatuko dira.
Urbanbat urtero egiten dan kultura-jaialdia da. Urigintzea eta gizarte-barrikuntzea jorratzen dira bertan, eta uriaren, herritarren, artearen, kulturearen, gizartearen eta lurraldearen arteko hartu-emonak aztertuko da. Aurtengo edizioa uriei buruzkoa izango da, eta berbaldi bi egongo dira Bilborocken. Gainera, net-working tailer bat antolatuko da Deustun hilaren 21ean.
Kunsthal Diseinuaren Goi-mailako Zentroan parte hartzea Alde Zaharra React jarduerearen bitartez, zentro horretako ikasleek erabilten ez ziran lokalen oinarrizko egokitzapena egin dabe zemendiaren 20an diseinuagaz zerikusia daben hainbat jarduera antolatu eta gauzatzeko.
FIG Bilbaok ateak edegiko deutsee nazinoartetik bertaratzen diranei eta grabatuen tailerren programa barri bat eskainiko dau. Hitzordurik ospetsuenetako bat da Europako panorama artistikoan. Guztiz errotuta dago, eta Grabatuaren eta Papel gaineko Artearen Nazinoarteko Azokea (FIG Bilbao) anbizio handiko programeagaz eta barritasun ugarigaz dator. Euskalduna Jauregian antolatuko da, zemendiaren 14tik 17ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!