Artze anaiek txalapartearen bidez egindako ekarpena batu dau Elkarrek
2019-11-13 10:40 MusikeaZazpi grabazinodun CDa eta Juan Luis Zabalak idatzitako liburutxua dakarz argitalpenak.
Euskal kultureak aurrera egin deian, atzera begiratzea ezinbestekoa da, aurreko belaunaldiek itxitako harribitxiak ezagutu eta zabaltzeko. Hori izan da Elkar argitaletxearen asmoa Txalaparta. Artze anaiak proiektua martxan jartean. Joxean eta Jesus Artzeren ekarpen zabalaren lagin baliotsua batu dabe, hainbat formaturen bidez: grabazinoak, idatzizko testuak eta euskarri digitala.
CDan, Artze anaiek emondako bat-bateko zazpi txalaparta-kontzertu sartu ditue. 1966tik 1975era bitartekoak dira, Artze anaiak txalapartea berreskuratu eta gizarteratzeko ahalegin betean ebizan sasoikoak. Orain dala mende erdi inguru, txalapartea erdi ahaztutako tresnea zan, eta Artze anaiei esker berreskuratu eban ospea, Elkarreko Anjel Valdesek azaldu dauenez. Txalapartearen izaera tradizional eta primitiboa adierazpide garaikide eta barritzaile bihurtu eben.
Valdesegaz batera, Juan Luis Zabala idazle eta kazetaria be egon da Txalaparta. Artze anaiak aurkezteko ekitaldian. CDaren liburutxuko edukiak berak idatzi ditu, Joxean eta Jesus Artzeren ibilbidea kontatuz. Euskal kulturearen sinbolotzat jo dau Zabalak txalapartea, Txalapartearen eta euskal kulturearen berreskurapena alkarri lotuta dagozalako, eta Ez Dok Amairukoek emon eutsien dimensino barria gogora ekarri dau.
Diskoko grabazinoak testuinguruan jarteko asmoz idatzi dau testua Zabalak, kronologia moduko bat eginez. Gaia ondo ezagutzen dau, ze 2003an Jesus Artzeren biografia idatzi eban, artean bizirik egoan Joxean Artzeren eskariz eta laguntasunez.
Valdesen eta Zabalaren ustez, behar-beharrezkoa izan da lekukotasun hori batzea, lan hori lehenago egin behar zala be onartu dau Elkarreko kideak. Edozelan be, zaleek zein interesa dabenek tresna baliotsua izango dabe eskura aurrerantzean. Artze anaiei autortzea egitea be bada argitalpenaren asmoa, euskaldunen esku altxor handia laga ebelako.
Argitalpena osotzeko, ganera, 60 grabazino interneten ipini ditue, Youtube eta Spotify plataformetan, Artzetarren sorkuntzeari ahalik eta zabalkunderik handiena emoteko. CDrako grabazino jakin batzuk aukeratu ditue, sasoi zehatz batekoak, baina sareko piezetan zabalago jokatu dau Elkarrek, euren ibilbide osoan Artze anaiek txalaparteagaz egindako grabazinoak erakusteko: bat-batekoak, Herri Gogoan diskoetxekoak, Baga-biga-higa sentikarikoak, Ikimilikiliklik bidekarikoak eta Milanen grabautako diskokoak. Gaur egungo txalapartarientzat eredu izan leitekezala uste dau Valdesek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!