Literaktum Berben uria, zemendiaren 24ra arte

Bizkaie! 2019-11-12 10:34   Kulturea

Literaktum 2019 literaturearen eta feminismoaren arteko loturen isla legez aurkezten jake herritarrei.



Literaktum
ek asmo nagusiari eusten deutso, hau da, literaturara beste hizkuntza eta diziplina batzuekaz eta eztabaidarik gaurkoenakaz batera hurreratzea. Alde horretatik, eta jaialdiak literaturearen eta bere garaiko gizartearen arteko lokarriak arakatzeko dauen borondate argiaz, Literaktum 2019 literaturearen eta feminismoaren arteko loturen isla legez aurkezten jake herritarrei.

Emakume idazleek osotutako multzo nabarmen bat batu dabe hainbat gairi ekiteko: Elvira Sastre, María Sánchez, Espido Freire, Laura Freixas, Mariasun Landa, Christina Rosenvinge, Paula Bonet, Eider Rodríguez, Kattalin Miner, Lucía Baskaran, Luisa Etxenike, Marta Sanz eta Cristina Morales (urrian 2019ko Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso dauena) dira aurtengo idazle batzuen izenak. Nork bere ikuspegia azalduko dau identidadeaz, feminismoaz edo arte-sorkuntzaz.

Beste gai batzuk be jorratuko dira jaialdiko jardueretan, berbarako, Europaren kultura, hizkuntza eta literatura-aniztasuna, poesia bizitzearen motor, edo identidade nozinoa auzitan jartea. Bestalde, azken lanak argitaratu barri dituen autoreen berbaldiak be izango dira, besteak beste, Bernardo Atxaga, Ibon Martín eta Karmele Jaiorenak.

Edizino honetan, indar berezia izango dau euskarazko literaturaren modernotasunean gako izandako liburu baten argitalpenaren 50. urteurrenak: Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Literaktum 2019k be alea jarri nahi dau modernotasunaren sorburuko idazlan horri omenaldia eginez. Baina Saizarbitoria ez da izango Literaktum 19n omenduko dan euskal idazle bakarra: Joxean Artze oroituz ikuskizunak Usurbilgo sortzaile 2018an hildakoaren poesia eta musika-ibilbidea barrikusiko da.

Hiorrezaz gan, beste proposamen diziplinarteko batzuk be ezin ahaztu, berbarako, literaturea beste hizkuntza batzuekaz batuko baita, Teatro del Temple eta Tanttaka Teatroaren Abre la puerta, edota Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Ion Olanoren Bestaldearen bestaldean.

Erakusketei jagokenez, Lur editorialari buruzkoaz gainera –Egunero hasten delako-ren argitaletxea–, beste bi izango dira Aiete Kultur Etxean, bat Jane Austen idazlearen bizitzan eta obran oinarritua, eta bestea Rebécca Dautremer ilustratzailearen ilustrazinoetan.

Filmak, mikroeztabaidak, Dickens-en Eguberrietako ipuinak diralakoetan inspirautako literatura-afari bat, UPV-EHUko Pentsatu! Jaialdiagaz, Etxepare Institutuagaz edo Feministaldia 2019gaz alkarlanean egindako jarduerak, eta Literaktum Txikia, umeentzako jarduera-programea, haziz doana edizinoz edizino.

Literaktum Txikiaren helburua literaturea zenbait formatutan ume eta gazteei hurreratzea da eta aurten beteago dator programazinoa, antzerki-emonaldiak izango baitira Donostiako zenbait kultur etxetan, bai eta Umeen Eskubideen egunaren ospakizuna be, eta zenbait lantegi euskal ilustratzaile batzuekaz Aiete, Altza,
Amara, Intxaurrondo eta Martuteneko umetxokoetan.

Bestetik, Literaktum-en eta Gipuzkoako Liburuzainen Alkartearen arteko hartu-emon biziak eta hurrekoak dira urte osoan zehar, eta liburu-dendak be oso presente egongo dira jaialdian. Liburuen eta literaturearen alderako zaletasuna sustatzeko, aurten Book Friday-ren lehenengo edizinoa antolatu da zemendiaren 22rako.

Hamahiru liburu-dendak hartzen dabe parte: Aritz, Casa del Libro, Donosti, Elkar, Garazi, Gurutz, Hontza, Kaxilda, Lagun, Noski, Pitxintxa, Tobacco Days eta Zubieta.

Igaz parte hartu eben erakunde askok parte hartuko dabe aurtengo Literaktum-en be, beste barri batzuekaz batera: Etxepare Institutua, Euskadiko Filmategia, Feministaldia, Gipuzkoako Liburuzainen Alkartea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila, Kutxa Kultur eta UPV-EHU Kultura, eta Kulturaren Euskal Institutua eta horren eskutik Adam Zagajewski idazlea etorriko da, 2017ko Princesa de Asturias de las Letras saria.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu