Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregiri emon deutsie Martin Ugalde Bekea

Bizkaie! 2019-11-12 09:46   Pil-pilean

Komunikabideetan Euskal Herria zelan agertzen dan aztertuko dabe.

Zuriñe Maguregi, Ainhoa Larrañaga eta Eneko Bidegain (argazkia: Andoaingo Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mondragon Unibersidadearen Huhezi fakultadeko hiru irakaslek eskuratu dabe oraingoan Martin Ugalde Bekako diru-laguntzinoa, Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan izeneko proiektuari esker. 8.000 euro emongo deutsiez, urtebete barru ikerketa hori amaitu eta aurkeztu deien.

Berria Fundazinoak, Elkar Fundazinoak eta Jakin Fundazinoak antolatzen dabe, urte birik behin, Martin Ugalde Bekea, Andoaingo Udalaren laguntzinoagaz. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, Bidegain, Larrañaga eta Maguregiren azterlanean, euskal kazetarientzako jakingarri interesgarriak batuko dira, eta jokabide batzuk zuzentzeko aukerea emongo dau. Ganera, eskarmentu zabala dabe irabazleek halako gaietan.

Eneko Bidegainek, esate baterako, oraintsu plazaratu dau Lurraldea eta herria izeneko saiakerea, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean dagozan asimetria eta harresiak agirian ixteko asmoz. Bidasoako mugearen eraginez, ikasleek gauza desbardinak ikasten ditue alde baten eta bestean, erreferente kultural eta geografikoak aldatu egiten dira... ganera, estadistikak emoteko orduan, sarritan EAEko datuak baino ez dira aintzat hartzen, Bidegainek liburu horretan dinoanez.

Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan azterlanean, Bidegain, Larrañaga eta Maguregik gai horri helduko deutsie, baina euskal komunikabideetan arretea jarrita. Medioek ze Euskal Herri erakusten daben, lurraldeari ze izen emoten deutsien, ze muga erabilten dituen... aztertu, eta ondorioak aterako ditue.

Atzo, astelehena, egin eben Martin Ugalde Bekearen irabazleen barri emoteko ekitaldi publikoa, Andoainen. Hain zuzen be, atzoko eguna Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean dagozan desbardintasunen erakusgarri da, eguneroko gairik sinpleenetan be aldeak dagozalako: zemendiaren 11 jai eguna da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan (Frantziako egutegia darabilelako), eta ganerako lurraldeetan ez (Espainian ez dalako jai).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu