Euskal Herriko Unibersidadeak eta Aranzadik lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2019-11-11 07:55   Kulturea

Bokazinoak bideratzeko helburuari eutsi jako beti.

Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Nekane Balluerka Lasak eta Aranzadi Alkarteko presidente Jokin Otamendik lankidetza hitzarmena sinatu dabe, erakunde bietako ikertzaileen lankidetzea ezartzeko helburuagaz. Erakundeek lankidetzako beste esparru hitzarmen bat sinatu eben 2004an, baina horren epea amaitu da. Orain sinatu dabenaren bidez, UPV/EHUren eta Aranzadi Alkartearen artean dagoan lankidetza hartu-emon estua eguneratu eta indartzen da.

Erakunde bien artean sinatutako hitzarmenak, besteak beste, ondoko jarduerak jasoten ditu: UPV/EHU eta Aranzadiko langileen artean doktorego tesiak sustatzea; ekintzailetzea kulturea sustatzeko programak atontzeko orduan eta alkarrekin oinarri teknologikoko enpresak edo spin off-ak antolatzea; laguntzino teknikoa, laborategiak eta baliabideak, azpiegiturak eta ekipamendu teknologikoak alkarregaz erabili edo konpartidutea; UPV/EHUko ikasleek jarduera profesionaleko praktikak edo borondatezkoak edo arautuak egitea Aranzadin; partaidetza komuneko ikerketa egitura barriak sortu edo antolatzea, esaterako enpresa tailerrak, kultura eta ezagutza zientifiko teknologikoa zabaltzeko zentroak; eta interes komuneko arloetako jardunaldiak, topaketak, mintegiak eta kongresuak antolatzea, baita Kultura eta Natura Ondarea zabaltzeko bideratutako erakusketak be.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen eretxiz, akordio barri honek erakunde bien arteko hartu-emon estuak berretsi eta sendotzen ditu: Nahikoa da hitzarmenaren eduki zabalak aztertzea hitzarmenaren handiguraz jaubetzeko. Euskal Herriko Unibersidadea dogu, gure herrian, goi mailako prestakuntzan, ikerketan eta transferentzian dagoan erakunde gorena, eta unibersidadearen bokazinoa da euskal gizarteagaz hartu-emonak estutzea alderdi guztietan. Gaiaren harian, erakunde bien bokazinoaren ondorio logikoa da proiektuak konpartidutea Aranzadi Azterketa eta Ikerketa zentroa lako erakunde entzutetsu bategaz.

Beste alde batetik, Aranzadiko presidente Jokin Otamendik alkartearen hasierako pausuak gogorarazo ditu: Alkartea gure unibersidadea sortu aurretik existiduten zan. Eta nabarmendu nahi izan dau erakunde biek hamarkadetan izan daben lankidetza lana, alkarregaz Euskal Herriko ingurune naturala eta ondarea konserbau eta babesteko proiektu estrategikoetan lan eginez. Otamendiren berbetan, bokazinoak bideratzeko helburuagaz beti.


Lankidetza estua

Euskal Herriko Unibersidadeak eta Aranzadi Alkarteak lotura estua dabe, jardueren sorta zabalean eta hitzarmen zehazten bidez zehazten dana, alderdi honeek guztiak gogoan hartuta: UPV/EHUko ikertzaileen parte hartzea Munibe Antropologia eta Munibe Ciencias Naturales aldizkarietako idazketa batzordeetan; Aranzadiko Leioako egoitzea (Kortesanabarri baserria) erabiltea UPV/EHUko Geologia Sailaren eta alkartearen arteko zentro misto legez; Aranzadi Alkarteko ikertzaileen parte hartzea UPV/EHUk eskaintzen dauen Kuaternarioa: ingurumen aldaketak eta giza aztarna Masterrean; erakunde bien arteko lankidetza ikerketa proiektuak bideratzeari eta doktorego tesiak eta master amaierako lanak egiteari jagokonez. Era berean, Aranzadi Alkarteak ikasleentzako 225 plaza inguru eskaintzen ditu urtero giza zientzien eta natur zientzien arloetan (gehienak UPV/EHUkoak dira), UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuagaz lankidetzan arkeologia indusketetan parte hartzeko, espetxeetan gizarte lanak egiteko, etab. Horrezaz gan, erakunde biek kongresuak, jardunaldiak eta berbaldiak antolatzen ditue alkarregaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu