Banbua, pobreziaren eta krisi klimatikoaren kontrako tresnea (eta II)
2019-11-08 12:59 BidaideMetalikoakaz konparauta, banbuz egindakoak sano malguagoak eta gogorragoak dira ekatxen kontra.
Txina da banbuari etekina ataraten dakien herrialde bakarra. Mundu mailan material horren produkzinoak 70.000 miloe dolar eragiten baditu, Asiako Erraldoian 35.000 miloe inguru dira eta datu legez baino ez bada be, Pekinen dago OIBR-ren egoitzea. Zortzi miloe txinatar dabiz sektorean beharrean eta Gobernuak datorren urtean 10 miloe izatea gura dau; komunikabideen eretxiz, banbua txinako balore tradizionalen sinboloa da, herritarren arimearen eta emozinoen isla. Munduko bigarren indar ekonomikoa dan herrialdean banbu bedarraren 400 espezie dagoz eta azken 7.000 mila urtean erabilten dabe txinatarrek.
Banbuz eginda dagoz txalupak, jesarlekuak, musika tresnak, pitxerrak, eskuzapiak, baita edadekoen artean harrera oso ona daben buruazpikoak be. Hong Kong lako urietan etxe-orratzak eregi edo zaharbarrituteko be erabilten da, izan be, metalikoakaz konparauta, sano malguagoak eta gogorragoak dira ekatxen kontra. Horrezaz gan, panda hartzek jan egiten ditue, baita gizaseme eta emakumeek be; sano gustagarriak dira
edozeinentzat.
Borja De la Peñak ez ei dauka asmorik aitatu bedarrak dieta mediterraneoan sartzeko baina bai, ostera, IKEA lako enpresek banbuz egindako altzariak egin deiezan eta OIBR erakundeko errenta handiko Kanada lako garatutako herrialdeek banbuaren erabilerea arautzearen alde dago. Era berean, herritarrek banbua zertan eta zelan erabili ikasi deiela gura dau eta, esangura horretan, gogor dabil beharrean Banbuaren Nazinoarteko Eguna izentetako. Horrezaz gan, urriaren 1ean, OIBR erakundeak Banbuaren Sinposio
Iberikoa egin dau Madrilen, Eduardo Torroja Eraikuntza Zientzien Institutuan.
Gitxika, De la Peña pozik dago emondako pausuak oso positiboak izan diralako. Kafetegien nazinoarteko frankizietan banbuzko aldamio eta enparauak ikustea sekulakoa da, izan be, kate handiak dira burua erakutsi eta eredu izateko pausuak emon behar dituenak; gaiaran harian, bihotzez eskertu dau Kanpo Arazoetarako eta Europako Batasuneko Kooperazinorako ministro Josep Borrellek egindako lana, interes handia erakutsi eta holakoak diralako banbuaren babeserako eredu.
Banbua hegoaldeko herrialdetan hazten da baina ez da pobreen materiala zehaztu dau De la Peñak. Banbuaren berezitasunak oso garrantzitsuak dira eta erabilerak ugari, berbarako Lisboako Unibersidadean azaldu eustien Europako baliabide akuiferoen iraunarazpenerako paradigma barrian banbuak berebiziko garrantzia izango dauela tresna teknologiko natural legez hondakin-uretan molekula kutsakorrak hartu eta nutrienteak birzikletako; beraz, aitatu urak birziklauta eraikuntza jasangarrirako material
bihurtzen dira zehaztu dau.
Shangháiko Zuritaren sortzaile eta diseinatzaileak be banbuari aparteko indarra emoten deutso lujo eskuragarriko erropak eginez: The Reformation-ek ehun edo telen jasangarritasunari buruz egiten dauen sailkapenari eusten deutsagu eta horren arabera, A markadunak ekologikoenak dira eta E markakoak kaltegarrienak ingurumenerako. Gure enpresan erabagi dogu erabilten doguzanetatik % 50 izan daitezala A eta B markadunak; eta % 75 izan daitezala A, B eta C-koak. Lyocell espezieko banbua A markakoa da, transpirau egiten dau, leuna da, erosoa eta garbitzeko makinan sartu daiteke. Ezaugarri horreetako banbua ugaltzen dago Txinan, ez dau ongarririk behar, ur gitxi eskatzen dau eta ez da sustraitik ebagi behar. Erropak jasangarriak dira eta ehunaren aztarna ekologikoa gitxitu egiten da azaldu dau. De la Peñak dinoanez, banbua objektu dekoratiboa barik mundu zabaleko politikearen agendan sartzea baino ez da falta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!