'Eztabaidak Literatureagaz' egitarauak Luis Marias eta Eneko Olasagasti batuko ditu

Bizkaie! 2019-11-08 11:55   Kulturea

Zemendiaren 12an, zinemako gidoia eta literaturea buztartuko ditue.

Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak Literatureagaz ekimeneko beste hitzordu bat jasoko dau datorren martitzenean, zemendiaren 12an; Luis Marías eta Eneko Olasagasti zinema gidoilaria eta zuzendariak alkartuko ditu, gaur hasi eta 22ra, Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia ospatzen dala aprobetxauta. La Literatura también es un guión hitzordua Alicia San Juan kazetariak moderauko dau, arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sartzea doban da leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da

Hitzorduan zinemako gidoiaren bitartez zinemearen eta literaturearen artean beti egon dan loturea aztertuko dabe. Zenbait gai landuko dira, literatur lanak, berez, gidoi on bat izateko dituan aukerak, erantzun handiko liburuek film ona bermatzen dauen ala ez, edo gidoi batek jatorrizko literatur testua hobetu leiken. Horrezaz gan, gidoilariak literaturako testu bat egokitzeko eta pantailara eroateko orduan egiten dauen lana azpimarratuko da, eta jatorrizko gidoia literaturea dan ala ez aztertuko da.


Luis Marías (Bilbo)

Informazino Zientzietan lizentziaua da EHUn. Bilboko gidoilariaren ibilbide luzean Farmacia de guardia edo Al filo de la ley telebistako serieak, eta Todo por la pasta (Enrique Urbizu, 1991), Gidoi moldatu onenaren Goya saria emon eutson Mensaka (Salvador García Ruíz, 1998), eta Gracia Querejetak zuzendu eta Maribel Verdú eta Paula Echevarría protagonista izan zituan Ola de Crímenes (2018) komedia baltza filmak dagoz. Film luze bi zuzendu ditu, X (2002) eta Fuego (2014), eta 2004tik bere produkzino etxea dauka, Historias del Tío Luis.


Eneko Olasagastiri (Donostia)

Gidoilaria eta produktorea da, eta esperientzia zabala dau antzerki, zinema eta telebista zuzendaritzan. Antzerkian, Ama begira zazu eta Metxa zuzendu ditu, beste batzuen artean; telebistan Bi eta bat, Jaun eta jabe eta Martin; eta zineman Maité eta Sí, quiero film luzeak –horreetan gidoilaria be izan da–, baita Barrura begiratzeko lehioak eta Alardearen Seme-Alabak dokumentalak be. Zinemagintza eta antzezleen zuzendaritza prestakuntzea emon dau, baita Donostiako TAE/AETrako, EABrako eta AISGErako beste ikastaro batzuk be.


Eztabaidak Literatureagaz

2007. urtearen hasieran egitaraua martxan jarri ebenetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago hurreratu dira. Helburua literaturara hurreratzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturearen genero batean oinarrituta, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera gonbidatutako personakaz egindako jentaurreko barriketaldien bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu