Gai sozialak sartu ditu Willis Drummondek 'Zugzwang' diskoan
2019-11-07 13:36 MusikeaEstudioko seigarren lanak orain arteko soinurik onena dauela dino hirukoteak.
Gaur-gaurko diskoa da Zugzwang, hainbat arrazoigaitik, Willis Drummond taldeko kideek azaldu dabenez, Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian. Azkenaldion gizarteari eragin deutsien arazo politiko eta sozialak jorratu ditu hirukoteak, euren ezinegona agertu eta gai konprometiduak musikearen bidez lantzeko asmoz.
Gure artean gaurkotasunaz askotan egiten dogu berba, eskuma muturraren igoerea, feminismoak dakarren iraultzea, etorkinak eta halakoak, azaldu dau Jurgi Ekiza taldekideak. Esaterako, Baionan migranteei arretea emoteko zentroa zabaldu dabe, eta halako kontu bat ate aurrean ipinten deutsuenean, errazagoa da arduratzea. Hortaz, estudioko seigarren disko honetan, bide barria zabaldu dau Willis Drummondek: Krisi sozial, politiko eta ekologikoaren aurrean zer egin ahal dogun pentsauta, kantak idaztea da gure erabagia.
Pare bat abestitan bai, gai personalagoak landu ditue, baina gizarteko ardurak dira diskoaren ardatza. Ikuspegi kritikoz, agintarien jarrerea txarretsi eta jenteari ekiteko eskatzen deutso Willis Drummondek Zugzwang diskoan. Diskoaren izenburua be bat dator, xakean zugzwang esaten jakolako jokalari batek mobimendu bakarra egiteko modua baino ez daukaneko egoereari. Izenburuak oso ondo azaltzen dau gure sensazinoa, ezintasun moduko bat da, edozer eginda be ezer ez dogula lortuko, dino Ekizak. Halandabe, berba baikorrak be tartekatu ditue, konponbideak egon badagozala uste dabelako.
Jurgi Ekizak idatzi ditu melodiak eta berbak, Felix Buff kideak sortutako oinarriaren ganean. Aurreko diskoen aldean, prozesuak aldaketak izan ditu, entseguetarako beste sistema bat erabili dabelako, lasaitasunez eta askatasunez sortzeko asmoz. Hiru kide baino ez diran arren, kolaboratzaileei, Johannes Buffen produkzinoari eta konponketa digitalei esker soinu osoagoa emon deutsie Zugzwang-i, estudioko diskoa da bete-betean. Artisau lana egin dogu, adierazo dau Xan Bidegain taldekideak.
Disko landua dala ganeratu dau Bidegainek, euren ibilbideko soinurik onena lortu dabela uste dabe Willis Drummondekoek. Gehiago landu dogu kantu bakotxa, eta, beharbada, urteakaz hobera egin dogu, Bidegainen arabera.
Kolaboratzaileen artean, Anari Alberdirena azpimarratu dau Felix Buffek, Bigarren aukera abestian kantau dau. Pieza horretan bertan entzun leitekez Igor Telletxearen tronboia, Joseba Irazokiren gitarrea eta Vincent Bestavenen organoa. Galdera(k) kantuan, ostera, Jean Vernheres ibili da saxofoia joten. Diskoaren azala Ramon Zabalegi artisteak diseinau dau; Willis Drummondeko hiru taldekideen arpegiak nahastau ditu arpegi barri bat sortzeko.
Diskoa zuzenean aurkezteko, lagin akustiko edo showcase diralako saio batzuk egingo ditue lehenik eta behin. Zemendiaren 8an Donostian izango dira, 13an Bilbon, 14an Baionan, 28an Gasteizen eta abenduaren 12an Iruñean, kasu guztietan Elkar dendetan. Abenduaren 5ean Durangoko Azokako Ahotsenean joko dabe.
2020an hara eta hona ibiliko da hirukotea, kontzertuak jo eta jo. Oraingoz, urtarrilaren 17an eta 31n daukiez hitzorduak adostuta, Bilboko Kafe Antzokian eta Miarritzeko Atabalen, hurranez hurran. Zezeilean birea egingo dabe Japonian eta martiaren hasieran Australian izango dira. Bartzelonan eta Madrilen be joko dabe udabarrian.
Lehentasuna kantuaren singlea, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!