Mozoilo Irratia barriro airean dago

Bizkaie! 2019-11-06 10:53   Pil-pilean

Gaztelaniazko eta euskerazko programazinoa dauka Galdakaoko komunikabideak.

Mozoilo Irratiaren estudioa | Ikusi handiago | Argazki originala

Herritarren ekinari esker gehienbat, Galdakaoko Mozoilo Irratia barriro hasi da martxan, FMko 97.5 frekuentzian eta interneten. Orain dala hamaika urte itxi eutsan emitiduteari irrati komunitario horrek, hainbat traba tarteko, baina azkenaldion kanpainea egin dabe herrian, Mozoilo Irratia berreskuratzeko.

Proiektua bultzatu dauen taldeak laguntzinoa eskatu eutsen Galdakaoko herritarrei, eta honeek ondo erantzun eben: finantziazino kolektiboko kanpainan, 18.000 euro emon zituen. Hasiera baten, ez dabe diru-laguntzino publikorik jaso, eta, beraz, galdakaoztarren ekarpena behar-beharrezkoa izan da.

Estudioan oinarrizko ekipamendua eukiteko eta mendian antenea jarteko diru nahikoa batu dabenez, Mozoilo Irratia emitiduten hasi da egunotan. Lehenengo irratsaioa domekan egin eben. Musikaz gan, batez be informazinoa emoten dabiz proiektu barriaren lehenengo pausuotan. Hasieratik, komunikabide elebiduna da Mozoilo Irratiaren bigarren aro hau. Goizez gaztelaniaz da programazinoa; arratsaldez, euskeraz; eta gauez, bietara.

Esatariak be badaukiez, egunean hainbat orduko programazinoari eutsi ahal izateko. Bost lagun inguru dagoz Mozoilo Irratiaren bultzatzaileen artean, irratiaren aurreko aroan ibilitako esatari batzuk be animau dira eta, EHUgaz egindako akordioari esker, praktiketako ikasleak hartuko ditue lantaldean.

Ez da erraza halako proiektu bat sortu eta luzaroan eustea. Halandabe, Galdakaon euren irratia eukiteko gogoz egon dira, 2008an isildutako Mozoilo Irratia herrian erreferentea zalako. Irailean, aro barriko emisinoak hasi baino lehen, Santa Krutz jaietako pregoia irakurri eben Mozoilo Irratia berbiztu dabenek, herrian sortu dan ilusinoaren erakusgarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu