Azkuna Zentroak smARTplaces kultura-lankidetza sareko Europako 9 zentroak batu ditu

Bizkaie! 2019-11-06 08:03   Kulturea

Bilboko Azkuna Zentroa smARTplaces proiektuaren parte da 2016tik. 

Dortmunder u Alemaniako Kultur Zentroa buru dauen sarea 7 herrialdetako 9 erakundek osotzen dabe: Dortmunder U Lead Partner; ZKM, Karlsruhe (Alemania), Van Abbemuseum, Eindhoven (Herbehereak), Musée de Picardie, Amiens (Frantzia), ETOPIA, Zaragoza (Espainia), Birmingham, City University (Research Partner) (UK), University of Applied Sciences, Oulu (Technology Partner) (Finlandia); Liechtenstein National Museum (Liechtenstein), eta Azkuna Zentroa, Bilbo (Euskadi).

SmARTplaceko kideek, aste honetan Azkuna Zentroan batzen diranek, euren publikoagaz hartu-emonak izateko modu barriak bilatzen ditue, ez bakarrik audientziak zabaltzeko, baita dagoeneko euren zentroetara joaten diran personen esperientzia hobetzeko be.

Connect, Interact and Discover premiseagaz, smARTpaces programa publikoak konpartidu, dagozan tresnak erabiliz, eta bitartekaritzearen eta hezkuntzearen arloko esperientziak trukatu nahi ditu. Proiektu honen bidez, kultur etxeak bisitetan dituen personek artistakaz alkarreragina izan deien lortu nahi da, jarduera desbardinetan parte hartu deien, holan, kultura garaikidea herritarrakana hurreratzeko.

2016tik, Azkuna Zentroak, proiektu honen esparruan, zenbait jarduera bideratu ditu banaka, eta, aldi berean, beste jarduera bateratu batzuetan eta proiektuaren nazinoz gaindiko bileretan parte hartzen dau.

Jarduera horreen artean, honako proiektu honeek nabarmentzen dira:

- IDENTIDATA. URart: 13.000 persona baino gehiagok parte hartu daben identidade desbardinei buruzko proiektu parte-hartzailea da udan zehar Atarian egin dana.

- The work of art, Azkuna Zentroak sortutako proiektua, kulturearen sektoreari buruzko hainbat gairi buruzko online alkarrizketak egiten dituana, sare sozialetatik galderak eginez publikoak parte hartu daian.

- Komunikazino, bitartekotza eta hezkuntza-gaietan ezagutza eta ikaskuntzea trukatzea eta, azken batean, kultura-lankidetzea trukatzea.

- Media Façade: Euskarri digitaleko eduki artistikoak sortzeko bideratutako jarduerea, Kulturen Atrioko pantaila handian erakustekoa. 2018ko lankidetzea 2019an errepetidu eben, gure pantailarako proiektu espezifiko bat egiten daben hiru artista hautatuta.

- Art of Skate: Dortmund U zentro germaniarrak gidatutako proiektua, skatearen kulturea ikuspegi artistikotik bistaratuz. Naiara Goikoetxea euskal artista Azkuna Zentroaren Fatxada proiektuan parte hartzeko hautatua izan zan, Alemaniako kulturgunean erakusketa batean parte hartzeko aukerea izan eban aldi berean.

- smARTplaces proiektuari esker, Open Codes: We Are Data proiektua be egin ahal izan da, ZKMgaz koprodukzinoan, eta oraintxe bertan gozau daiteke, urtarrilaren 26ra arte.

- smARTplaces proiektuak bete-betean laguntzen dau Azkuna Zentroaren nazinoartekotze-estrategian.

Ekimena Creative Europe Programak babesten dau, eta programa horren helburua Europako kultura eta hizkuntza-aniztasuna babestea eta sustatzea da, baita Europako kultura-lankidetza eta kultura-aberastasuna sustatzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu