Omenaldi eta kolaborazino ugari Revolta Permanent taldearen lan barrian

Dabi Piedra 2019-11-05 13:19   Musikea

Euren ibilbideko laugarren diskoa da Lobotomiak.

Revolta Permanent boskotea, diskoa aurkeztu eta gero, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

2014an sortu zan Revolta Permanent, eta bost urteko tartean garapen nabarmena izan dau taldeak. Batetik, euren hasierako estiloari eutsita, doinu barriak sartu ditue, eta bide barriak bilatu. Bestetik, taldekide barria be badabe orain, Guille Peña, bateriaren arduraduna. Aurreko hiru diskoetan, bateria barik ibili dira bizkaitarrak. Aitor Abio, Iker Villa, Iker Aginaga eta Mikel Becerra dira beste taldekideak.

Lobotomiak diskoa (Baga-Biga) garapen horren erakusgarri bikaina da, hamaika kantutan zehar danetariko eraginak, kolaboratzaileak eta omenaldiak tartekatzen ditualako. Ez da erraza euren estiloa definidutea, Aitor Abio taldekideak onartu dauenez, elektronikearen inguruan dabiz, baina rap, rock industrial eta pasarte melodikoei lekua eginaz. Revolta Permanenten diskorik gogorrena eta, era berean, melodikoena da, Abioren arabera. Lan biribila begitantzen jako.

Taldeko kideak eta diskoetxeko Ritxi Aizpuru, diskoa aurkezteko agerraldian

Kolaboratzaileen artean, bi nabarmendu ditue, diskoari emon deutsien norabideagaitik. Garrasi abestian, Maria Redondo izan da protagonistea, berak idatzi eta kantau dau. Adikzio berri bat, ostera, Aritz Mendiolaren ikutuagaz dator. Aitatzekoa da, ganera, diskoaren azken piezea, 3,1416, Pi.L.T-ren Hil da jainkoa-ren moldaketa berezia dala. 1990eko hamarkadako talde horren eragina nabarmena da Revolta Permanenten ibilbidean (Aitor Abio bertako kide izan zan). Ganera, lan honetako hamaika kantuak omenaldiz beteta dagozala zehaztu dau Abiok.

Redondo eta Mendiolagaz batera, Nora Abiok be kolaborau dau ahotsetan. Berbak Iker Villak eta Iker Aginagak idatzi ditue, Garrasiak-ekoak izan ezik, eta nahasketak Asier Zubelzu eta Aitor Abioren ardurea izan dira. Daniel Hernandezek diseinau dau diskoaren azala.

Izenburua bat dator diskoaren edukiagaz, melodiko zein gogor, abesti guztietan egiten dalako otzantasuna alboratu eta iraultzara joteko deia. Lobotomia hasieratik agertu jakun kontzeptua da, antxinako medikuntzan erabilten zan arren, gaur egun be zelanbaiteko lobotomiak egiten dira, azaldu dau Iker Aginaga abeslariak. Persona batek dan modukoa izateari uko egin dagion, erreminta asko dagoz. Diskoko bigarren abestiak be Lobotomia izenburua dauka, eta erruduntasunak eragindako otzantasunaren kontrako beste aldarri garbi bat da R izenekoa.

Bideoklipa be grabau dabe, R kantuan oinarrituta (ikusi hemen). Karmele Larrinaga eta Aitor Bildosola aktoreak agiri dira bideoan. Barakaldoko Munoa Jauregian grabau dabe, Iker Villaren zuzendaritzapean.

Villaren ustez, zuzenean joteko disko egokia da Lobotomiak. Laster hasiko da Revolta Permanent disko barria aurkezteko kontzertuak joten. Egutegia zehaztu barik daukien arren, lehenengo kontzertua zemendiaren 30ean izango da, Errenterian. Durangoko Azokan be joko dabela aurreratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu