Kultura eta Barrikuntzako V. Jardunaldia Getxon, Romo Kultur Etxean
2019-11-05 09:56 KultureaAudientzien Estimulazino Barritzaileari eskainita egongo da.
Euskadin kulturearen barrikuntzea eta barrikuntzearen kulturea sustatzeko Karraskan alkarteak, Getxolanegaz alkarlanean, Kultura eta Barrikuntzako V. Jardunaldia antolatu dau zemendiaren 7rako, Romo Kultur Etxean, aurten Audientzien Estimulazino Barritzaileari eskainita dagoana.
Karraskanek hausnarketea egiteko proposamena ekarriko dau, hain zuzen be, ondoko galderak gaitzat hartuta: Ikus-entzuleek ze leku hartzen dabe kultura eta sorkuntza proiektuetan? Publiko barriak sortzeko espaziorik ba al dago? Kultura eta sorkuntza eskaria sustatzeko estrategiarik eraginkorrenak zeintzuk dira? Zein betebehar dauka barrikuntzeak horretan? Eta zein betebehar dabe estrategiek gure barrikuntzan?
Jardunaldian erreferentziazko nazinoarteko proiektuetara hurreratuko dira; inaugurazino saioan Anne Torreggiani izango da, arte, museo eta ondarearen arloetan parte hartze publikoa sustatzeko Erresuma Batuko The Audience Agency irabazi asmorik bako alkartearen fundatzaile eta zuzendari ejekutiboa, hain zuzen be. Bestalde, tokiko testuinguruan gauzatutako zortzi jardunbide onen barri izango da Kunarte, Sarean, Buenawista, Libelista, nondik, Conexiones improbables, Moviltik eta Zawp erakundeetako ordezkarien presentziagaz.
Jardunaldiaren barruan, Kultura eta sorkuntza eskaria sustatzeko politika eta praktiken benchmarkinga (Getxoko kasuari helduz) txostenaren emoitzak aurkeztuko dira. Lan hau Karraskan erakundeak eskatu eta alkartutako hiru erakundek osotu dabe, Cultumetría, Kultiba eta Teklak erakundeek. Txosten honen helburua arlo horren inguruko hausnarketea laguntzea da, tokiko, estaduko zein nazinoarteko testuingurua ardatz hartutako ekintza, estrategia eta ekintzak aztertuz.
Karraskan alkarteko ordezkarien jakinarazo dabenez, Audientzien estimulazino barritzaileari buruzko jardunaldia funtsezko hitzordua da kultura eta sorkuntzako publikoakaz lan egitearen inguruan ikuspegi eta begirada anitzak aztertu nahi dituenentzat, ezinbesteko gaia baita gaur egun bai errotuko diran politika publikoak zehazteko, bai proiektu bideragarriak atontzeko.
Izena doban emon daiteke, baina inskripzinoa aldez aurretik egin behar da hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!