Zazkel taldeak 'Estatu kolpea' lan barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2019-11-04 13:34   Musikea

Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band-egaz batera argitaratutako lanean lau kantu barri dagoz.



Zeberioko taldeak Negu Gorriak edo The Clash taldeen funk eta rockaz gan, Rocio Jurado edo Julio Iglesiasen estilo kaskarrak aldarrikatzen ditu azken lan honetan, Ezpata Dantza split-diskoaren parte dana.

Zazkel 2012an sortu zan Bilbon. Etxahun eta Asier izan ziran taldearen aurrekariak atondu zituenak, eta aurrerago Tolo, Irati, Axier, Oskar eta Piarres batu jakezan. Txandakako bateriak izan ondoren, Piarres da orain perkusino lanetan dabilena.

80ko hamarkadako talde euskaldun zein atzerritarren erritmoetan oinarrituta, Euskal Pop Erradikala aldarrikatzen dabe; esangura horretan, entzuleari jantzan egiteko eta abesteko aukerea emoten deutse. Pop-Rock musikea zein iturri desbardinetako estiloak ditue eragin, eta aniztasun horretan oinarritzen dira konposizinoetan.

2015ean, Beta maketea argitaratu eben Raúl Villán teknikariaren lanari esker. 2016ko udabarrian lehen diskoa grabau eben Garate Estudioetan Kaki Arkarazogaz. Urte horretan bertan Banden Lehia irabazi eta 2017ko bagilean Leioako Pop-Rock Lehiaketako hiru sari eskuratu zituen: euskerazko kanturik onena (ERI, Zazkel. 2016), Pop talderik onena eta talde orokor onena. Estudioko bigarren diskoa 2017ko irailean plazaratu eben, Ez entzun.

Zazkel taldearen hirugarren eta azkeneko lanak Estatu kolpea dau izenburu, 4 abestiz osotutako lan laburra, Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band-egaz batera argitaratu dau Ezpata dantza izeneko split-diskoan.

Zeberioko taldearen lanotan nabarmentzekoak dira metrika karratuetatik aldentzen diran konpasak zein sanple eta erritmo kutxakaz sortutako bateria erritmoak. Jantzarako erronkea dakar Zeberioko Zazkel taldeak. Kulturearen merkantilizazinoaren kontra egiten dau taldeak Gorpuzkingz-eko partaideen laguntzinoagaz. Horrezaz gan, transzendentalagoak diran berbak eta musika talde baten eguneroko gorabeherak agirian ixten dituan gaiak dakarz.


Zazkel eta Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band zuzenean

Datorren zapatuan, zemendiaren 9an, aurkeztuko dabe Ezpata Dantza split-diskoa Bilbon, Zazpi Katu Gaztetxean, iluntzeko 20:00retan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu