Eibarko Film Laburren Jaialdia hasiko da gaur

Bizkaie! 2019-11-04 07:53   Zinemea

Proiekzinoak Coliseo Antzokian izango dira, eta sari banaketea hilaren 9an egingo dabe.

Asier Errastiren omenez urtero egiten dan film laburren jaialdia 20. edizinora heldu da. Gaurtik, zemendiak 4, zapatura bitartean, bertoko eta kanpoko zinemagileek bialdutako makina bat lan ikusi ahal izango dira Eibarko Coliseo Antzokian, egunero egingo diran proiekzinoetan. Barikura arte, 20:00etan hasiko dira saioak, eta doban sartu ahal izango dira ikusleak. Zapatuan, azken galearen txandea izango da, 19:30ean.

Antolatzaileek azaldu dabenez, gai sozialak dira aurtengo programazinoaren ardatza: Indarkeria matxistea, zahartzaroa, gizarteko bidebakokeriak... agiri dira film askotan. Danetara, 171 film aurkeztu dira, gehienak fikzinozkoak (danak ez ditue lehiaketarako aukeratu). Euskerazko zazpi film baino ez ditue jaso, atzerriko hizkuntzetan hamalau, eta ganerakoak gaztelaniaz. Emakumeek zuzendutako pelikulak igazko edizinoan baino gehiago dira, 51.

Coliseo Antzokiko saioetan, egunero hainbat film proiektauko ditue. Zemendiaren 9ko galan, ostera, astean zehar ikusitako guztiak barriro emongo ditue, sariak banatzeari ekin baino lehen. Honeek izango dira sariak: Javier Aguirresarobe Fikzinozko 1. Saria; Fikzinozko 2. Saria; Animazino ataleko saria; eta euskerazko film onenarena. Ganera, aurtengo nobedadea da Publikoaren Saria.

Epaimahaian Olatz Beobide, Manuel Aguilar eta Joan Paul Arroyo egongo dira. Ganera, Asier Errastiri omenaldi berezia egingo deutsie, dokumental labur baten bidez. Galea Lorea Arakistain kazetari eibartarrak aurkeztuko dau, Nerea Ariznabarreta eta Mikel Areitio aktoreakaz batera.

Jaialdiaren harira, A zer nolako heroiak izenburupean, umeentzako proiekzino bereziak egingo ditue zemendiaren 16an. Goizeko 09:00etan hasiko da, Portaleako Areto Nagusian. Sartzea libre izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu