Jesse Jones artistearen 'Dar-dar' lana aurkeztu dau Guggenheim Bilbao Museoak
2019-10-31 13:37 KultureaJesse Jonesek (Dublin, 1978) buztartu egiten ditu film-materialaren eszenografia teatrala, eskulturea eta performancea.
Urriaren 31an, eguenean, Guggenheim Bilbao Museoak Jesse Jones artista irlandarraren Dar-dar (Tremble Tremble, 2017) erakusketea aurkeztu dau, Film & Video aretoko 2019ko programazinoaren hirugarrena eta azkena. Martiaren 1era arte egongo da ikusgai.
Honako hau asmo handiko instalazino bat da, zinemea, eskulturea, zuzeneko ekintzak eta soinua buztartzen dituana. Obrearen erdian bideo-pantaila itzel bi dagoz, eta horreetan sorgin erraldoi baten irudiak agertzen dira. Sorginak emakumearen eta naturaz gaindiko indarren boterea irudikatzen ditu. Personaia horrek beste ordena juridiko bat aldarrikatzen dau; In utera Gigantae dau izena, emakumearen botere xamanikoan oinarrituta dago, eta beste lege edo gobernu guztiak baliobakotzen ditu.
Dar-dar 2017an sortu zan Veneziako 57. Bienalean Irlandak izandako pabilioirako, eta Irlandan abortuaren legeei buruz eztabaida tirabiratsuak izan ziran momentu bat islatzen dau. Era berean, identifikazino nazionala edo etnikoa gainditzen dauen arketipo baten erretratu modukoa be bada. Beraz, bideoko sorgin ahaltsua, Olwen Fouéré aktore irlandarrak hazurmamitzen dauena, paradigma feministatzat ikusi daiteke; paradigma horrek errealidadea eraldatzeko ahalmena dau, eta emakumeak emantzipetako tresna legez aurkezten dau sorginkeria.
Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video programak mobimendudun irudiari lotutako praktika artistikoak dakarz eta arte bisualen, film-instalazinoen eta, oro har, kultura garaikidearen arteko lotura kritikoa aztertzen dau.
Jesse Jonesek (Dublin, 1978) buztartu egiten ditu film-materialaren eszenografia teatrala, eskulturea eta performancea; horretarako, memoria kolektiboa zelan gauzatzen dan aztertzen dau, baita keinu, objektu eta berbakerek esperimentazino artistikorako eskaintzen dituen modu ezbardinak be. Dar-dar 2017an sortu zan Veneziako 57. Bienaleko Irlandaren pabilioirako, eta, ordutik, Europako eta Asiako hainbat erakunde eta galeriatara berariaz egokituz joan da. Asmo handiko instalazinoa da, bai maila teknikoan, baita kontzeptualean be, eta sorginen irudi historikoa hartzen dau Mendebalde modernoko sinbolo boteretsu legez eta ahalmen poetiko eta politikoaren eroaile legez.
Obrea Irlandan sortu zan, abortuaren inguruko eztabaida gogorrak pil-pilean egozan sasoian eta hirurogeiko hamarkadan Italian izandako protesta feministak be ekarten ditu gogora—milaka emakumek Dar-dar eizue, sorginak bueltan dituzue oihukatzen ebenekoak—. Dana dala, lan honek arketipo intenporal bat erretratetan dau, identifikazino nazionalak edo etnikoak gainditzen dituana. Hain zuzen be, Dar-dar obrako sorgin ahaltsua pentsamendu magikoaren personifikazinotzat hartu daiteke, erreala dan horren eraldaketa erradikalaren iruditzat, kaos kosmikoaren abiarazletzat. Olwen Fouéré entzute handiko aktore irlandarrak emoten deutso bizia, modu ikaragarrian egin be, personaia karismatiko horri. Bitartean, pantailatik harago, erritu bat egiten da erakusketa-gunean bertan: minutu gitxiko tarteagaz, zeremonia-gidari batek, zarata handiz, zirkulu bat marrazten dau horma baltz batean, eta, momentu berean, oihal bat jausi eta eremua zatitzen dau, esku erraldoi eta fantasmagoriko batek mobiduko baleu bezela. Pantailak panoramikoak dira, eta aurrez aurre ipinita dagoz.
Aretoaren sarreran, zenbait objektu dagoz beira-arasetan ikusgai. Objektu horreek funtsezko erreferentzia dira Jonesen proiektuan, baita artista sorginkeriagaz lotutako errituei eta mitologiei buruz egiten dagoan ikerketearen testuinguruan be. Obrea Bilbon aurkezteko orduan, Euskal Herriko historia atze-oihal garrantzitsu bihurtzen da, XVI. eta XVII. mendeetan Inkisizinoak sorgin-kaza eta heretikoen garbiketa basatiak egin zituelako bertan. Holan, errituetarako zein sorginkeriari lotutako siniskeretarako erabilten ziran etxeko objektuek, Gipuzkoatik eta Nafarroatik ekarriak, bat egiten dabe artisteak ikerketarako nahiz lantegiko lanerako erabilitako gainerako piezakaz.
Erakusketearen komisarioa Manuel Cirauqui da.
Gaur arratsaldeko 18:30ean, topaketea izango da artistakaz eta Jesse Jonesek bere sorkuntza-prozesuari eta Film & Video aretoan ikusgai egongo dan Dar-dar obreari buruz berba egingo dau Museoko Entzungelan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!