Banbua, pobreziaren eta krisi klimatikoaren kontrako tresnea (I)

Zigor Aldama 2019-10-30 13:45   Bidaide

Banbuaren alde egiten dogu, eskura daukagun elementua dalako eta klima aldaketeari aurre egiteko, dino Borja de la Peñak.

Banbua panda hartzen jatekoa baino gehiago da. Borja de la Peñak uste dau tresna eraginkorra izan leitekela krisi klimatikoari aurre egiteko zein planetako jente askoren pobrezia gitxitzeko. 1.642 banbu espezie dagoz, ia mundu osoan hazten da eta 35 metro luze eta 30 zentimetro lodi izatera heldu leiteken arren, bedar bat da. Ez da arbolea. Horrek esan gura dau, ebagi ezkero barriro hazten dala bizkor-bizkor. Kasuren baten, 91 zentimetro egunean. Danetariko erabilerak ditu: eraikuntzako eta jantzigintzako materiala da, eta hondakin-urak tratetako sistemetan zein lurraldearen higadurea kontroletako be erabili leiteke, azaldu dau De la Peñak.

Kataluniar horrek ondo daki zer dinoan, Banbuaren eta Ratanaren Nazinoarteko Erakundeko politika globalen arduraduna da eta. Alkarte horrek 45 herrialde batzen ditu, ingurumenaren aldeko garapenerako eta hazkunde berderako banbua erabiltea bultzatzeko asmoz. 2015-2030eko Plan Estrategikoan, era guztietako alorretara banbua zabaltzea da helburuetako bat: andamioetarako materiala; plastikoaren ordezkoa erabilera bakarreko mahai-tresna, papel zein oihaletan; ikatza egiteko...  Ganera, Nazino Batuetako begiralea dan ezkero, Banbuaren Erakundea bat dator Garapen Jasangarriaren Helburuen arteko zazpigaz. Esate baterako, pobrezia ezabatzea -1. helburua-, bizileku egoki eta jasangarria emotea -11.a- eta lurreko ekosistemak babestu eta lehengoratzea -15.a-.

Banbuak ez dau CO2rik sortzen, baina, ganera, berau ezabatzen dau. Kalkuluen arabera, hektarea bakotxeko 200 eta 400 tona CO2. Industriak eta meatzaritzeak kaltetutako lurrak berreskuratzen be laguntzen dau. Lau edo bost urtean heltzen da landaketea, beraz, oso eraginkorra da, zehaztu dau De la Peñak. Horregaitik guztiagaitik, banbuaren alde egiten dogu, ez itzelezko pagotxa dalako, ezpada eskura daukagun elementua dalako, klima aldaketeari aurre egin eta Parisko Gailurrean ezarritako helburuak beteteko.

De la Peñak onartu dauenez, arazo nagusietako bat da herrialde gehienek ez dakiela zenbaterainokoa dan banbuaren potentziala, ahaztutako materiala da. Basogintzako sistemetan eta aldaketa klimatikoaren kontrakoetan sartu deien lan egingo dogu.

Beste oztopo nabarmen bat da herrialde askotan banbua erabiltearen inguruko legerik ez dagoala. Horregaitik, Banbuaren Nazinoarteko Erakundearen zeregin nagusien artean dago material horren estandarizazinoa eta ziurtagiriak lantzea. Egurraren legediak badagoz, baina banbua bedar bat da, eta nahasmena dago, ia zelan sailkatu behar dan. Batzuek uste dabe suteak areagotu leikezala, baina, egia esan, ez dau suak erraz hartzen eta suteen kontrako tratamenduak errazak dira. Ekuadorreko lurrikarearen ostean, Latinoamerikako herrialde batzuetan eraikuntzetan erabilten hasi dira, azpimarratu dau De la Peñak.

Banbuzko eraikinak, lurrikaren kontra eraginkorrak izateaz gan, merkeak dira. Horren ondorioa dira proiektu ugari, berbarako Bambú Social, Nicaraguako etxebizitza sozialen diseinurako. Espainian, Alejandro Zaeraren mailako arkitektoak dabiz babes ofizialeko etxebizitzetan banbua erabilten, esaterako, Carabanchelen. 2010eko Shanghaiko Munduko Erakusketan be, Madrilen guneak distirea egin eban Urigintzako Praktika Onen eremuan, banbuzko diseinu bati esker. Gobernuek esku hartzea beharrezkoa da eraikitzaileak behartzeko eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna derrigorrezkoak izan daitezan, ezaugarri gehigarriak izan ordez, esan eustan Alejandro Zaera arkitektoak Munduko Erakusketan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu