Bideotik programearen deialdia zabaldu dau Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2019-10-30 12:38   Zinemea

Ikus-entzunezkoak darabizen artistei eta bideo sortzaileei zuzendutako egitasmoa da.

Nazinoarteko bideo sorkuntzea bultzatzeko Bideotik programeak formatu barria dakar aurten. Deialdi publiko baten bidez, ikus-entzunezko narratiba barriak bilatzen lagunduko dau Bilboko Azkuna Zentroaren ekimenak. Abenduaren 22ra arte dago deialdia zabalik.

Bideo adierazkortasunaren inguruko lanak sortzeko ikus-entzunezkoak erabilten dituen artistei eta bideo-sortzaileei zuzendutako programea da. Parte hartzeko, Festhome plataformearen bidez izena emon leiteke, baita mezu elektronikoz be (hemen). Proiektuaren koordinatzaileek eta Azkuna Zentroko talde artistikoak osotutako batzordea arduratuko da aurkeztutako proiektuak baloreteaz.

Izakera esperimentaldun sorkuntzak dira Bideotiken helburua. Horregaitik, aukeratzeko orduan, ezaugarri honeek kontuan hartuko dira: 2017tik aurrera eginak izatea; zinema errealeko lanak, hau da, fikzinozkoa ez dan dokumentala; ikuspegi estetikotik eta ikus-entzunezko praktika garaikidetik egindako lanak; esperientzia profesionalei, biografiei, ibilaldiei eta bizitzako istorioei lotutako gaiak lantzea, feminismotik, dibersidadetik eta arlo sozialetik hurreko narratiba barriak aintzat hartuta. Horrezaz gan, bat etorri behar dabe Azkuna Zentroaren programa-proiektuagaz.

Hautatutako lanak 2020ko zezeilean eta martian proiektauko ditue, Bideotik ikus-entzunezko sorkuntzearen eta gizartearen arteko gune bihurtuz. Egile bakotxak bere piezea aurkeztu eta proiektuaren prozesua publikoari azalduko deutso.

Bideotik proiektuaren bidez, narratiban zein estetikan sensibilidade artistiko, kultural eta soziala alderdi garaikideagaz lotzen daben sortzaileak erakarri nahi ditue. Lengoaia barrien erabilerea sustatzen dau, mobimenduan dagoan irudiaren eta arte digitalaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu