VI. Basque Internship at the Guggenheim New York martxan

Bizkaie! 2019-10-30 09:27   Kulturea

EAEKo gazteak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en praktikaldiak egiteko beketarako izena emoteko epea zabaldu da.

Egonaldiak 2020an egingo dira, gradu nahiz graduondoko ikasketak egiten dabizen ikasleei eta lizentziatu barriei zuzentzen jake deialdia; hainbat eremuko ikasleak erakarri nahi ditu, besteak beste, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadekoak, Arkitektura, Arte Ederrak, Ekonomia edo Enpresakoak.

Guggenheim Bilbo Museoak urtero bultzatzen dauen beka-programeari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en hiru hilebeteko praktikaldia egiteko aukerea izango dabe. Deialdira aurkezteko epea abenduaren 16ean amaituko da.

Programa honek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoko hainbat arlotan lan egiteko aukerea emoten dau, bai arlo artistikoan bai museogintzan, eta honako honeei zuzentzen jake: graduau barri diran ikasleei (2017/2018tik ikasturtetik aurrera graduautakoei); eta/edo graduaren azken urtean dagozanei edo graduondoko bat ikasten dabizenei.

Bestetik, ingelesezko maila altua izatea ezinbestekoa da, ahoz nahiz idatziz. Deialdiak praktikaldi bi aurreikusten ditu: bat udan eta bestea udagoienean; horrek errazten dau Museoko askotariko arloetan lan egiteko aukerea eskaintzea; horreen artean dagoz, besteak beste, arte-ardura arloa, garapen saila, artapen arloa, hezkuntzea, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritzea. Praktikaldian ikasleek hainbat proiektutan parte hartuko dabe, beste arlo batzuekaz hartu-emonetan egongo dira eta, esperientzia osotzeko, bisitaldiak egingo ditue galerietara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta uriko beste museo batzuetara. Udako praktikaldia 2020ko bagila eta abuztua artean izango da, eta udagoienekoa 2020ko iraila eta abendua artean. Diru-laguntzinoa 3.500 dolarretakoa izango da.

Interesdunek oinarriak ikusi eta izena emon leikie hemen abenduaren 16 arte. Ekimen hau EAEko artista hasibarrientzako 2020ko egonaldi-programeak osotuko dau; egonaldi horreek be New Yorken egingo dira.

Ikasleentzako zein artista hasibarrientzako bekak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz sinatutako Kudeaketa Akordioaren barritzearen barrruan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu