Astegoienean egingo dabe 12. Zinebi Express sariketea

Bizkaie! 2019-10-29 12:43   Zinemea

48 orduan errodautako film laburren lehiaketea da.

Zinebi jaialdiaren 61. edizinoa hasteko egun gitxiren faltan, sortzaile gazteei zuzendutako Zinebi Express lehiaketea antolatuko dabe zemendiaren 2an, 3an eta 4an, aurten hamabigarren aldiz. Bilboko Campos Antzokian, zapatuko 09:30ean hasita, egun bi izango ditue parte-hartzaileek euren film laburrak grabau eta aurkezteko.

Izena emoteko aukerea egongo da Campos Antzokian, hasi baino lehentxuago. Aurtengo gaia be orduan emongo deutsie. Film labur, dokumental zein animazinozko lanak onartuko ditue, eta Camposen bertan entregau beharko dira, astelehenean.

Kanpoaldeko eszenak derrigorrez Bilbon grabau beharko ditue parte-hartzaileek. Ganera, gaiagaz batera, Bilboko hiru lokalizazino emongo deutsiez antolatzaileek, eta gitxienez horreetako baten zatiren bat agertu beharko da pelikuletan. Fikzino eta dokumentalen kategorietan, 2 eta 5 minutu bitarteko lanak entregau behar dira, eta animazinoan, 30 segundukoak.

Zemendiaren 7an, film finalistak proiektauko ditue Azkuna Zentroan, eta sariak banatuko dira ondoren. Mila euroko lehenengo saria eta 700 euroko bigarrena dagoz, baita afari bat be hirugarrenentzat. Epaimahaian, Aranzazu Calleja konpositorea, Pau Guillén Zinegoak-eko zuzendaria eta Larraitz Zuazo zinemagilea egongo dira.

Zinemagintzan hasten dagozan sortzaile gazteei lekua emoteko asmoz sortu eben Zinebi Express, orain dala hamarkada bat baino gehiago. Ganera, Zinebi jaialdiaren programazinoaren barruan gazteei leku zabalgoa emoteko balio dau, eta, bide batez, Bilbo istorioak grabetako agertoki bihurtzeko. EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeak, Arte Ederretako Fakultadeak, IMVALek, Claro de Lunak, ECPVk eta Tartanga LHIIk antolatzen dabe, Zinebi jaialdiagaz batera.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu