Eneko Barberenak 'Afrikanerrak' aurkeztu dau
2019-10-29 08:02 KultureaOndarroako Augustin Zubikarai Bekeari esker idatzi dau nobelea.
Istorio futurista eta distopikoa idatzi dau Eneko Barberenak, eta Elkar argitaletxeak kaleratu deutso. Baina Afrikanerrak nobelearen abiapuntua Ondarroan dago, 2018ko Augustin Zubikarai bekea irabazi ebalako Barberenak, eta han aurkeztutako proiektua liburu bihurtu ahal izan dauelako. Saria emon eutsienetik, urte bete eskas behar izan dau Afrikanerrak amaitzeko.
Liburu barriaren aurkezpenean, Donostian, Eneko Barberenak nobela barriaren inguruko azalpenak emon ditu. Beragaz batera agertu dira Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendiguren eta Ondarroako Udaleko alkateorde Eneritz Basurko Pagoaga.
Etorkizun distopiko bat asmau dau Barberenak Afrikanerrak nobelan. Europako Batasunak Afrika iparraldea konkistau dau, bere mugak hobeto jagon eta Saharaz azpiko immigrazinoa kontroletako. Baina, Arrasatera, ia ez da gerra urrun horren oihartzunik ailegetan. Hantxe bizi dira Eider eta Aitor, errutinan kateatuta: herriko liburutegiko langilea da bata, eskola publiko bateko zuzendaria bestea, biak funtzionarioak eta seme txiki baten gurasoak. Afrikara burrukan joan nahi daben gazte nahikorik ez, eta zozketaz aukeratu beharko ditue hara joango diran euskal konpainietako kideak.
Geroaren deskribapen aseptikoaren itxurapean, egungo gizarteari zuzentzen deutso Barberenak begirada zorrotza, sarritan umoretsua eta beste askotan gupidabakoa. Gai ugariren inguruko gogoetea egin dau idazleak Afrikanerrak-eko orrietan: kulturea, komunikabideak, industria, aisia, kontsumoa, eskolea, politikea, migrazinoa, aberria, gerrea…
Ondarroako Literatur Amuak jaialdian be lekua egingo deutsie Eneko Barberenaren liburuari. Hilaren 30ean, eguaztenean, Kofradia Zaharrean egingo dabe saioa (18:00).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!