Kultur Udagoiena Bizkaian

Bizkaie! 2019-10-25 12:22   Kulturea

Urriaren 26an eta 27an, Iparragirreren gitarrea eta Burdinolen ibilbidea protagonista.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, edade guztietara bisitak, jarduera didaktikoak eta tailerrak batzen dituan Kultur Udagoiena programau dau bere egoitzetan, danak doban. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak kultur programazino barria aurkeztu eta adierazo dauenez, helburua herritarrak erakunde honen eguneroko funtzionamendura eta lurraldeko politika egiturearen barruan daukan garrantzira gerturatzea da.

Denpora gitxi barru barriztauko dan Iparragirreren gitarrea izan da prentsaurrekoan protagonista. Bertan, Laura Vicario musika-tresna konpontzeaz arduratuko dan luthierra eta Javier Barrio Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterriko Museoaren Zuzendariak be hartu dabe parte.

Barrikuntzen artean, Batzarretik Batzarrera ekimenaren lehenengo edizinoa azpimarratu behar da, Bizkaiko Batzarretxeen egoitzak sakon ezagutzeko aukerea emongo dauen egitaraua. Lehenengo bisitea urriaren 20an egin da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondareari buruzko Europar Jardunaldien barruan. Bisitan, ibilbidea egin da Bilbon dagoan Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzatik (Hurtado de Amezaga, 6). Egoitza horretan arte garaikide bilduma garrantzitsua be badago.

Egun bat Batzar Nagusietan. Erakundearen zerak burutzen da Gernikako Batzarretxera autobusez egingo dan bidaia; bertan, partaideek erakundeetako liderrei eta nazinoarteko agintariei emoten jakena moduko harrerea jasoko dabe: txistulariakaz eta ohorezko aurreskuagaz. Osokoen Aretoa eta beste barruti historiko batzuk ezagutu ostean, Iñaki Irigoien folklorista ezagunak, Batzarrak egiten ziran egunetan Gernikan benetako jai giroa sortzen zala kontau eta protokolozko sinbolo batzuen esanahia azalduko dau, Agur Jaunak edo emakumeen eguzkidjntzea, beste batzuen artean.

Urriaren 20koa, zemendiaren 7tik abenduaren 15era izango dan Batzarretik Batzarrera bisita programearen aurrekaria izan da. Guztietan, lehenengo Bilboko egoitza administratiboa bisitauko da, eta gero autobusez joango da jagokon egoitzara. Bilboko egoitzea ikusi eta gero, zemendiaren 7an eta 9an, Gerediagako Batzarretxea (Abadiño), zemendiaren 28an eta 30ean Gernikako Batzarretxea eta abenduaren 12an eta 15ean Abellanedako Batzarretxea (Enkarterriko Museoa, Sopuerta) bisitauko dira. Holan, Batzar Nagusien funtzionamendua ezagutzeaz gan, egoitzek historian zehar izan daben egitekoaren ikuspegi historikoa lortuko da.

Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz, Bilboko egoitzan hasiko dira, eta daborduko emon daiteke izena enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzita edo 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituta.


Iparragirreren gitarrea

Denpora gitxi barru Jose Maria Iparragirre (Urretxu, 1820) bardoa jaio zanetik mende bi igaro dirala eta, Gernikako Batzarretxeak hainbat jarduera jasoko ditu zapatuan, urriaren 26an, Gernikako Arbola ereserkiaren egilea omentzeko. Goizez, 10:00etan, Laura Vicario luthierrak gitarrea barriztetearen ganeko tailer bat emongo dau, eta arratsaldean, 16:00etan, Mercedes Albaina ikerlari eta Musikeneko irakasleak Jose Maria Iparragirre: Europa erromantikoaren neurriko poeta eta musikaria berbaldia emongo dau. Gura dauenak jarduera horreetarako izena emon ahal izango dau 946 251 138 telefono zenbakian edo batzar.etxea@bizkaia.eus helbide elektronikoan.


Burdinolen ibilbidea

Urriaren 27an, kultur agendea Barbadun errekearen harroraino joango da, XI. Burdinola, Errota eta Torreen Ibilbideari esker. Muskizeko San Juan plazan hasi eta Enkarterriko Museoan amaituko dan 26 kilometroko kultur ibilbidean. Ibilbidea leku honeetatik igaroko da: XVIII. mendeko La Olla burdinolaren aurriak; XV. mendeko Valdivián burdinola-errotea; Burdinazko Mendien bide berdea; edo XVI. mendearen hasieran eregitako El Pobaleko burdinolea. Gehienez be 500 persona jaso leikezan ibilbidea bete egiten da urtero. Erreserbea egiteko telefono zenbakiak 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 dira. Online be emon daiteke izena hemen

Enkarterriko Museoa

Ez da izango Bizkaiko Batzar Nagusietako Enkarterriko Museoan egingo dan jarduera bakarra. Urriaren 27ra arte izango da Enkarterri. 1870-1975. Arkitektura garaikidearen distira erakusketea. Ganera, museoak bisita gidauak eskaintzen ditu erakusketara astegoienetan, aurretik eguna eta ordua museoagaz adostu eta gero.

Egun horretara arte, museoak leku nabarmenean erakutsiko dau Mariano Benlliruek, 1907tik 1910era Bilboko alkatea izan zan Gregorio Ibarrecheri egin eutsan bustoari eusteko 1910eko idulkia. Idulkiaren erakusketea Hilebeteko pieza programearen barruan sartzen da. Programa horretan, Enkarterriko Museoak gure kultur eta arkitektura ondareko lan garrantzitsuak erakutsi eta ezagutuazoko ditu.

Orain denpora gitxi barriztau eta egile ezezaguneko lana Euskal Abertzaletasunaren Museotik dator, eta 1870 eta 1975 artean eregi ziran eraikinetarako apainketako elementuak egiteko orduan lortu zan birtuosismoaren adibide bikaina da. Oraingo honetan, estilo modernistako lana da.


Jarduera didaktikoak eta familian egitekoak

Enkarterriko Museoa artelana da berez, eta, ganera, ikasturte osoan izango dan lehen eta bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeei zuzendutako jarduera didaktiko programea dauka.

Urritik martira, Historiaurreko Tailerrean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleek silexezko lanabesak egiten edo kobazuloen barrualdean pintetako teknika desbardinak erabilten ikasi ahal izango dabe. Urritik zezeilera, Erdi Aroko Tailerra programau da, DBHko ikasleak Bizkaiko historiako sasoi horreetara hurreratzeko. Garai horren ezaugarri nagusiak erlijinoaren garrantzia edo bandoen arteko gerrak izan ziran.

Urritik bagilera, El Pobal burdinolaren eta Enkarterriko Museoaren arteko jarduera bateratuak Enkarterriren bilakera sozioekonomikoa eta burdinolek izan eben garrantzia erakutsiko deutse bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei, El Pobal bisitauta eta mueta guztietako tresnak burdinagaz zelan egiten ziran ikasiz.

Urtarriletik martira, Batzar gaitezen Abellanedan jardueran, DBHko eta batxilergoko ikasleak batzarkide bilakatuko dira egun batez, Bizkaiko errealidade politikoan eta ekonomikoan sartzeko. Urtarriletik martira, baita be, Erromatarren atzetik tailerrean, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek zibilizazino haretako asmakizun eta elementu garrantzitsuenak ezagutzeko aukerea izango dabe.

Apiriletik bagilera, 6 eta 9 urte arteko ikasleei zuzendutako beste jarduera bi egingo dira: Bizi zure kontua eta Sortu dezagun gure munstroa. Lehenengoan, umeak abentura handi baten protagonista izango dira, eta bigarrenean, euskal mitologian bizi diran fantasiazko izakiak ezagutuko ditue.

Ikastarotik harago, jarduerak Gabonetako oporretan be izango dira, familiei zuzendutako tailer didaktikoen Zorionem programagaz. Jarduera horreetarako guztietarako erreserbak 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietan eta enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan egin ahal izango dira.


Bisitak urte osoan Gernikako Batzarretxera

Gernikako Batzarretxeak dobako bisitak eskaintzen ditu urte osoan, astelehenetik domekara. Neguko ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara da, eta udakoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Historiaz beteta dagon eta Gernikako Arbolea jasoten dauen Batzarretxea urte osoan bisitau daiteke –Osokoak egiten diran egunak kenduta– eta ibilbide gidauak be eskaintzen ditu. Informazinorako telefono zenbakia 94 625 11 38 da, eta bisitak esteka honen bitartez erreserbau daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu