Kunsthalle Bremen museoko maisulanak, Bilbon
2019-10-25 09:10 KultureaDelacroix, Van Gogh, Cezanne, Rodin, Picasso, Beckmann eta beste hainbaten obrak batu ditu Guggenheimek.
XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako artearen bilakabidea ulertzeko leku parebakoa da Alemania iparraldeko Bremen uriko Kunsthalle museoa, batez be, sortzaile alemaniarren eta frantziarren arteko loturearen lekuko dalako. Bilboko Guggenheim Museoak bilduma horretako hainbat obra ipini ditu, 2020ko zezeilaren 16ra arte, Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak erakusketan.
1823an hasi zan Bremengo Kunstverein taldea artelanak erosten (1849an hartu eban Kunsthalle izena), eta, beraz, Alemaniako bilduma baliotsuenetako bat ez eze, zaharrenetakoa be bada. Christoph Grunenberg, Kunsthalleren izenean, eta Petra Joos, Guggenheimen ordezkari, dira erakusketako komisarioak.
Kunsthalle Bremenek XIX. mendetik garatu dauen diskurso artistiko sendoa eta maisulanak identifikau eta erosteko izan dauen abilidadea agirian ixten ditu erakusketeak, Bremengo funtsetatik aukeratutako obra moltso esanguratsu baten bidez. Klasizismotik hasita, erromantizismoan, inpresionismoan, postinpresionismoan, Worpswedeko artisten kolonian eta Alemaniako espresionismoan zeharreko bidaia da, XX. mendearen erdira arte.
Alemaniako eta Frantziako eskola artistikoen arteko loturak zein kontrasteak garbi ikusten dira mende eta erdiko ibilbidea hartzen dauen bilduma aberats horretan, bertako arduradunen pentsakera aurrerakoiari esker. Batetik, abangoardietako sortzaileen lanen alde egin ebelako; bestetik, XIX. mendearen amaieran, Frantziako inpresionisten obrak erostea arte alemaniarraren kontrakoa izan eitekeela zabaldu zanean, Kunsthallek Van Goghen Mitxoleta-soroa (1889) koadroa erosi eban.
Hamar urte geroago, 1899an, Gustav Pauli izan zan erakundeko lehenengo zuzendari zientifikoa, eta Frantziako eta Alemaniako diskurso artistikoen arteko alkarrizketa dinamikoaren zentzuna emon eutsan bildumeari. Ordura arte, zaletuak ziran Kunsthalleko arduradunak.
Guggenheim Museoko hirugarren solairuan dago erakusketea. Klasizismotik espresionismora, 150 urteko tartea hartzen dabe obrek, sasoian sasoiko artista europar esanguratsuenen lanen bidez. Kasu gehienetan, Frantziako eta Alemaniako eskolen jarraitzaleak agiri dira aurrez aurre. Berbarako, inpresionismoan, Cezanne, Degas, Eva Gonzales, Monet eta Renoir dagoz batetik; Corinth, Liebermann eta Slevogt bestetik.
Bremengo alkarteak Pablo Picassogaz izan eban hartu-emona be nabarmena izan zan. Michael Hertz merkatari bremendarraren bidez gehienbat, Picassoren obren bilduma bikaina osotu eban Kunsthallek. Horren erakusgarri, Bilbora ekarri daben Sylvetteren erretratua, 1955ean erosia, Picassok egin eta urtebetera.
Erakusketeagaz batera, katalogo ilustradua plazaratu dau Guggenheim Museoak, Kunsthalle Bremenen funts artistikoak zelan sortu eta garatu diran azaltzeko. Christoph Grunenbergen sarrera luzearen ostean, Dorothee Hansen, Henrike Hans, Anne Buschhoff eta Eva Fischer-Hausdorf adituek idatzitako testuak dakarz argitalpenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!