Lekeitioko 15. Kameratoia gogor dator
2019-10-25 08:09 ZinemeaUrriaren 25ean, Kameratoiko webgunearen bidez emongo jake parte-hartzaileei gaia.
Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilereagaz batera antolatzen dauen 15. Kameratoia urriaren 25ean hasiko da parte-hartzaileek grabau beharreko gaia online bidez emonez Kameratoiaren webgunean. Danetara, 10 talde eta 46 parte-hartzaile izango dira gaia emon eta astegoienean Lekeitioko kaleetan gaiaren inguruan gidoia egin, muntau eta lana entregetako.
Ikus-entzunezko lana osotzeko sartu behar dituen ezaugarriak urriaren 26an emongo jakez taldeei goizeko 10:00etatik 12:00etara bitartean Lekeitioko Kultur Etxean. Hurrengo egunean, urriaren 27an eguerdiko 12:00etan entregau behar dabe lana Ikusgarri zinema-aretoan. Antolakuntzeak parte-hartzaileen eskura jarriko ditu ikus-entzunezko muntaia egiteko azpiegiturak Kultur Etxean bertan.
Kameratoia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskerazko ikus-entzunezko rallya da, euskal gazte sortzaileek euren amesa beteteko, izan be, Kameratoiak euskal produkzinoakk gizarteratzeko helburua dau.
Kameratoia inoiz baino indartsuago dator eta aurten ikus-entzunezkoen rallya hobekuntzakaz dator: rallyaren gaia eskura emon beharrean online bidez emongo da. Modu honetan, parte-hartzaileek gaiaren inguruko aurre hausnarketa bat egiteko aukerea izango dabe, film laburraren nondik norakoak zehazteko.
Urte honetako beste hobekuntzetariko bat izena-emoten eben lehen 30 personentzako egonaldia eta gosaria doban izatea zan. Izen-emotea urriaren 1ean zabaldu zan eta hortik eta astebetera egonaldia beteta gelditu zan.
Maila handiko epaimahaikideak
Film laburren mailea neurtzeko eskarmentu handiko epaimahaikide bi izango dira 15. Kameratoian: Alde batetik, Yogurinha Borova musikaria egongo da. Publikoaren aurrean egoteak emoten deutson esperientziak sano balioko deutso ikus-entzunezkoak baloretako.
Bestalde, entzute handiko Itziar Ituño aktorea izango da Yogurinhagaz batera lanak ikuskatzen urriaren 27an Leketion. La Casa de Papel telesailari esker mundu mailan ezaguna da euskal aktorea,.
Epaimahaikide horreek ez dira bakarrik izango Ugaitz Alegria aktorea be bertan izango dalako.
Sari erakargarriak
Astegoienean egindako film laburren sari banaketea urriaren 27an izango da arratsaldeko 17:00etan Lekeitioko Ikusgarri zinema-aretoan.
Film labur onenak 1.000 euroko saria irabazi eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira (ikus-entzunezkoen zirkuitu ibiltaria) eta DemaSA (Durangoko Azokako Irudienea guneko ikus-entzunezkoen final handia) lehiaketetan zuzenean parte hartuko dau.
Bigarren film labur onenak 600 euro irabaziko ditu, baita eta DemaSA lehiaketan parte hartzeko aukerea be.
Parte hartu daben taldeez aparte, ekitaldia publiko guztiari zuzenduta dago, izan be, publikoak gustukoak izan dituen film laburrei botoa emoteko aukerea be izango dabe Publikoaren Saria emonaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!