61. Zinebi zemendiaren 8an hasiko da Bilbon
2019-10-24 13:27 ZinemeaGalder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako El Hoyo filma estreinauko dau Bilbon.
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak – 61. Zinebik zemendiaren 8an, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu ateak Arriaga Antzokian, Claire Simon zinemagile frantses eta Wang Bing zuzendari txinatar ospetsuek, edizino honetako Ohorezko Mikeldia hartuko dabenetako bik, jasoko daben omenaldi bereziagaz.
Aurten be Sra. Polaroiska kolektibo artistikoaren (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) esku egongo dan ekitaldiaren zuzendaritza artistikoak oso izakera partaidea izango dau, jaialdiaren edizino honi ondo etorria emoteko. Edizino honetako barrikuntza guztiak gaur goizean aurkeztu dira, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziaren, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuaren eta Vanesa Fernández Guerra Zinebiko zuzendariaren presentziagaz.
Inaugurazino ekitaldian, Claire Simonek Europako zinema garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren barrikuntza erradikalaren alde egindako apustua aintzatetsiko dau. Zinemagile frantziarraren lanak izakera ezohikoa, personala eta aktibistea erakusten dau. Haren filmografiak estilo eklektikoa eta hibridoa dau, eta nabarmen dakar zinema genero desbardinen arteko forma aldeko edozein traba gainditu beharra.
Gure garaiko zinemagile ospetsuenetakoa den eta munduko jaialdi nagusietan, Venezian, Locarnon, Berlinen edo Cannesen, besteak beste, sariak irabazi dituan Wang Bingi jagokonez, jatorrizko herrialdetik etorriko da Bilbora saria jasoten, izan be, haren begiradea guztiz originala da, eta horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa dan eran, ahotsik bako jentea eta ahaztuta dagoan Txina haretan jente horrek bizirik irauteko aurrera daroan burrukea erakusten jakin dau. 61. Zinebik, zinemagilearen filmografiako film labur eta ertain garrantzitsuenen aukeraketea emongo dau. Proiekzinoak eta Wang Bing zuzendariagaz egingo dan topaketea Bilboko Arte Eder Museoan izango dira.
Beste alde batetik, Bilboko Institutu Frantsesaren laguntzinoagaz, 61. Zinebik Claire Simónek amaitu barri dauen Le village serie dokumentalaren aurkezpena egingo dau. Era berean, zinemagileak jentearentzat edegita egongo dan, kezka, sormen prozesu eta zinema garaikidearen gainean dauen ikuspegiari buruzko masterclass-a eskainiko dau. Hori guztia jaialdiaren lehen astegoienean, Bilboko Arte Eder Museoan.
Aurtengo Ohorezko hirugarren Mikeldia Márta Mészáros zinemagile hungariarrari emongo jako, bere filmetako irudietan gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde egindako lan artistiko etenbakoaren lehen arrazoietako batzuk topetan jakin dauen emakume baten obrea eta zinema garaikideari egindako ekarpena aintzatesteko.
131 herrialdetatik etorrita aurkeztutako 3.921 film laburretatik, 57 film aukeratu dira Sekzio Ofizialean parte hartzeko, Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzino, animazino eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko burrukan: fikzinoa (18), dokumentala (22) eta animazinoa (17). Lehiaketarako aukeratu diran lanen artean Estaduko 15 dagoz eta horreetako 7 euskal zinemagileek egindakoak dira. Zemendiaren 8an, Arriaga Antzokian, inaugurazino ekitaldiaren amaieran proiektauko diran euskal filmak ondokoak dira:
- Mateoren ama, Aitor Arregi eta José Mª Goenaga (fikzinoa).
- Regina, Lander Ibarretxe (fikzinoa).
- Anti, Josu Martínez (fikzinoa).
- Medvedek, Ainhoa Gutiérrez (dokumentala).
- Solo son peces, Paula Iglesias eta Ana Serna (dokumentala).
- Ártico, Jesús Mª Lazkano eta Josu Venero (dokumentala).
- Xulia, Lur Olaizola (dokumentala).
Lehiaketarako Sekzio ofizialeko sariak Nazinoarteko Epaimahaiak erabagiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak ondokoak izango dira: Fernando Franco gidoilari, zuzendari eta irakaslea, Nahikari Ipiña ekoizlea, Marcel Jean Annecyko Animazio Zinema Jaialdi ospetsuko zuzendaria, Susana S. Rodrigues programatzaile portugaldarra eta Reem Shilleh Palestinako ikertzaile eta idazlea, bere herrialdeko argazki eta zinema produkzinoaren azterketan aditua.
Aurten, gainera, barrikuntza lez, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU-UPV) eta beste ikastetxe batzuetako 18 ikaslek osotutako Epaimahai Gazteak, 2.000 euroko nazinoarteko ZIFF - Zinebi First Film sekzinoko Epaimahai Gaztearen Saria emongo dau.
El Hoyo
61. Zinebik, Bilbao - Bizkaia Film Commission-egaz lankidetzan, Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako El Hoyo film arrakastatsuaren estreinaldia jasoko dau Bilbon. Film horren munduko premierea Torontoko Nazinoarteko Jaialdiaren 44. edizinoan bildurrezko eta zientzia fikzinoko erreferentea dan Midnight Madness sailean izan zan. Sail horretan parte hartu eban gaztelaniazko zinta bakarra izan zan eta zinemaldiaren historian Ikus-entzuleen Saria irabazi dauen Estaduko lehen filma. Estreinaldia zemendiaren 7an izango da, 20:00etan, Golem zinema-aretoetan, eta talde tekniko eta artistiko guztia bertan egongo da.
Egoitzak eta sarrerak
Jaialdiak hainbat egoitza izango ditu: Arriaga Antzokia, Golem zinema-aretoak eta Azkuna Zentroko Auditorioa, BBK Aretoa, Arte Eder Museoa eta Campos Antzokia. Azkuna Zentroko Auditorioan eta Golem zinema-aretoetan emongo diran proiekzinoetarako banakako sarrerak (4,5 euro) eta 10 saioko bonoak (35 euro) eskuratu ahal izango dira, urriaren 28tik aurrera, Golem zinema-aretoetako txarteldegian. Barrikuntzea da aurten Zinebik bono bereziak aterako dituala erretiratuentzat (60 urtetik gorakoak), lanbakoentzat eta 26 urtetik beherako ikasleentzat. Bono merkeago horrek 20 euro balioko ditu (10 sarrera).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!