Gontzal Mendibilek 'Biok' diskoa eta Bittor Kapanagaren omenezko liburua dakarz

Bizkaie! 2019-10-23 12:35   Musikea

Zemendiaren 3an kontzertu berezia joko dau, Bilboko Arriaga Antzokian.

Proiektu barria aurkeztu dau Gontzal Mendibil kantari arratiarrak, Biok izeneko diskoa. Euskal kulturearen eta euskerearen zentzun matriarkala, amatasuna; ama; eta ugazama (ugazaba) kontzeptuak dira lan barriaren ardatza, Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dauenez:  Aitaren etxetik Amaren Sua berbizterako garaian eta bide egokian gagoz.

Biok diskoaren hiru kanturen izenburuek agiri-agirian lagatzen dabe Mendibilen pentsamendu hori: Amaren sua, Ama Gorbeia eta Agur ama. Azken hori, Lauaxetak hil aurrean idatzitako poemearen bersino musikaduna da. Bittor Kapanaga lagun eta maisua be gogoan hartu dau Zeanuriko kantautoreak, Bizitzen ikastea abestian. Altsasuko gazteei eskaini deutse beste pieza bat.

Horrezaz gan, idazle ezagunen poemak musikatu ditu Mendibilek Biok lan barrian. Ainara Maia, Koldo Izagirre, Pako Aristi, Karmelo Jaio eta abarren berbak topauko ditu entzuleak musikari arratiarraren melodia gozoen artean. Instrumentazinoan eta lan teknikoan be goi mailako laguntzaileak izan ditu: Angel Unzu, Philippe Ezkurra, Rober Caballero, Lara eta Ana Sagastizabalen ahotsak...

Kantuan hasi zanetik 45 urte bete dirala ospatzeko eta disko barriko abestiak publikoari erakusteko, kontzertu berezia antolatu dau Gontzal Mendibilek. Zemendiaren 3an izango da, Bilboko Arriaga Antzokian. Biok-eko kantuak ez eze, Mendibilek ezagun egin dituan klasikoak be joko ditu: Bagare, Laster, Memorian, Herria maitatzeko, Merezi ote, Ez bedi galdu euskera eta abar.

Bittor Kapanaga gomutan

Diskoagaz batera, Bittor eta biok liburua plazaratu dau Gontzal Mendibilek, Bittor Kapanaga idazle otxandiarraren (1925-2011) inguruko saiakera-narrazinoa. Mendibilentzat maisu eta eredu izan zan, eta, gogoratu dauenez, Euskal Sokrates, Druida, Profeta, Aztia eta halako ezizenak ipini eutsiezen.

Kapanagaren eragina Zeanuriko bakarlariaren kanturik ospetsuenean agiri da nabarmen. Bagare-ko berbak Kapanagak idatzi zituan, eta Mendibilek musikea sortu eban, 1974ko abenduan. Bien arteko barriketaldi baten moduan idatzi dau liburua Mendibilek, kontakizuna Kapanaga hil zaneko gauean hasita. Berbaurrea Joseba Sarrionandiak idatzi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu