'Getxoko islak' lanak jantza eta kantu taldeak batuko ditu Pablo Viarren zuzendaritzapean
2019-10-28 10:24 KultureaGonbidapenak Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan jaso ahal izango dira urriaren 28tik aurrera.
Musikea, kantua, jantza eta interpretazinoa bateratuko ditu Getxoko Islak lanak Getxon, Muxikebarrin zemendiaren 21etik 24ra. Pablo Viar zuzendari eszenikoak asmautako proiektu honek Getxoko kultura aniztasuna erakutsi eta bertoko alkarte-egiturearen partaidetzea bultzatzea ditu helburu. Horretarako, lehen mailako talde artistikoa eta jantza eta kantu arloko hogei talde getxotar baino gehiago batu ditu.
Ikuskizunaren dramaturgia Javier Liñerarena da, Unai Elorriagaren testuak oinarri hartuta eta eszenografiaz eta musikaz, José Luis Raymond eta Miguel Salvador arduratu dira, hurranez hurran. Horrezaz gan, hamabi aktore profesionalek parte hartuko dabe zentroko Ereaga areto nagusian egingo dan lan honetan. Lau egunez, zenbait saio izango dira bertan baina gonbidapenak beharko dira Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan jaso ahal izango diranak urriaren 28tik aurrera.
Ikuskizun eszenikoa hiru artista getxotarren zenbait ikuslanakaz osotuko da. Merce Zuluetak Mandalas de mujer erakusketea egingo dau eta horretan itsasertzean batutako materialez eginiko piezak ekarriko ditu bertoko emakumeren lana goresteko asmoz. Pablo Zabala sortzaileak udaleko artxibotik hartutako argazki bat erabiliko dau margolana sortzeko. Azkenik, Ibon Garagarzak Fingers pointint at instalazinoa egin dau. Lana zenbait kokapenetan egongo da eta, ondoren, San Nikolas plazako liburutegiko horman batuko da. Pieza guztiak Muxikebarrin zein kanpoan izango dira ikusgai zemendiaren 11tik aurrera.
Ikuskizunagaz batera, lan nagusia diseinau daben profesionalek masterclass-ak eskainiko ditue proiektuan parte hartzen dabenentzat eta horretan interesauta dagoan publikoarentzat. Saio horreek Ereaga aretoan izango dira eta zenbait diziplina eszenikoren oinarriak ezagutzeko aukerea emongo dabe: zuzendaritza artistiko (Pablo Viarren eskutik), eszenografia (José Luis Raymonden eskutik) eta argiztapen-diseinua (Carmen Martínezen eskutik). Gainera, Unai Elorriagak Getxori buruz idatzi izeneko klasea emongo dau. Saio horreetarako gonbidapenak Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan jaso ahal izango dira urriaren 7an hasita.
Herritarren partaidetzea
Pablo Viar antzerki, opera eta zarzuela-zuzendariak, azkenaldi honetan, besteak beste, Guridiren El Caserío lana Madrilgo Teatro de la Zarzuelarako produzidu dauenak asmautako proiektuak taula gainean jarriko dau Getxoko alkarte-egiturearen garrantzia. Kultura-alkarteen, jantza eta antzerki eskolen, abesbatzen eta artista plastikoen lanaren bitartez herritarrak protagonista bilakatzen ditu. Edade guztietako getxotarrak batuko dira ikuskizun honetan eta, horreez gan, bertoko ikastetxeetako ehunka ikaslek be parte hartuko dabe artisautza-mozorroen tailerren bitartez. Tailer horreetan eginiko piezak San Nikolas plazan erakutsiko dira emonaldien aurretik, baita Ereaga aretoan be saioak abian dirala.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!