Jamaikar soinuetan oinarritutako diskoa dakar Gatomek

Bizkaie! 2019-10-29 12:15   Musikea

Urriaren 29an aurkeztu dau Euskalskillz diskoa Bermeoko sortzaileak.

Gatomek Euskalskillz lan barria argitaratu dau, jamaikar soinuetan oinarritutakoa. Disko barria, Euskadi + skills (abilezia) berbakaz osotutako berba jokoa da. Gatomen disko barri hau, igaz argitaratutako maxiaren jarraipena dala esan daiteke, batez be soinu aldetik.

Jamaikar soinuakaz olgau gura izan dau Gatomek eta reggaea eta dancehalla nagusitzen dira baina rap doinuak alde batera itxi barik eta soinu modernoagoak sortuz.

Diskoa jamaikar soinuan oinarritua dago, bertan tematika ezbardinak agertzen diralarik: kritika soziala, desikasteko beharra... Bakotxak bere kodeak ulertu eta erabiltearen beharrizana erakusten dau diskoan. Gazte eta errebelde izatearen pasinoa piztu, denporea aprobetxetako beharra erakutsi eta gizartearen eraldaketarako ordua dala adierazoten ditu diskoan beste mezu askoren artean.




Gatomek 2010. urtean sarbidea izan eban musika munduan, lehenengo maketea aurkeztuz. Handik aurrera, hainbat lan argitaratu ditu euskeraz eta gaztelaniaz

Esnea hil gazta tiro pun eta Kostako Vibes diskoak argitaratu izan ditu 2015 eta 2016 urteetan. 2018. urte hasieran, Kostako Vibes – Binomio lana argitaratu eban, estilo aldaketea eginez eta rap eta reggae doinuetan sartuta. Lan hau, abeslariak 2016. urte amaieran aurkeztu eban Kostako Vibes lanaren bigarren atala edo aldea izan da, jendartean islatzen dan binomioari erreferentzia eginez. 2018ko amaieran Bueltan gatoz diskoa aurkeztu eban sortzaileak.

Bueltan gatoz diskoa aurkeztu ebanetik urtebete joan da eta urriaren 29an, hurrengo lana aurkeztu dau sortzaileak EuskalSkillz izena izango dauena. Oraintsu disko barri horretan egongo dan Geure kode kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu bermeotarrak,. Geure kode soinu jamaikarrez beteriko lana da, reggae eta dancehall soinuak nagusitzen diralarik. Audio produkzinoa, nahastea eta masterra Gatom-en eskutik izan da Tiro Pun Produkzinoak estudioetan. Bideoaren grabazinoa eta zuzendaritzea: Xabier Salazarrek eta Iñigo Iriondok egin dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu