Juan Muñozen 'Hanging Figures' dohaintzan jaso dau Arte Eder Museoak
2019-10-22 08:49 KultureaVizcaína Aguirre Fundazinoak emon deutso, Museoaren Patronatuan sartuko dalako.
Orain dala urtebete, Bilboko Arte Eder Museoko eraikin zaharreko sarreran ipini eben Juan Muñoz artista madrildarraren Hanging Figures obrea, Obra Konbidadua programeari esker. Ikusmina eragin dau artelan horrek, benetan deigarria dalako: Erretxinaz egindako giza figura bi dira, ahotik urteten deutsen soka banatatik esegita.
Vizcaína Aguirre Fundazinoaren dohaintzeari esker, Hanging Figures museoaren funtsen parte izatera pasauko da, eta etenbako alkarrizketan egongo da eraikinaren arkitektureagaz. Orain arte, Juan Muñozen obrarik ez dau euki Arte Eder Museoaren bildumeak. XX. mendearen azken hamarkadetan, nazinoarteko eskulturea barritzeko ahaleginean nabarmendu zan Muñoz.
Dohaintza horren zergaitia zera da, Vizcaína Aguirre Fundazinoa Bilboko Arte Eder Museoaren Patronatuko kide bihurtu dala. 2001etik 2015era be Patronatuan egon zan fundazinoa, Arteder Euskal Artearen Datu Basea martxan jarteko lanean ibili zanean. Gaur egun, euskal artearen ikerketarako eta zabalkunderako erreferente da datu base hori.
Hartara, orain dala lau urte etendako loturea berreskuratuko dabe Vizcaína Aguirre Fundazinoak eta Arte Eder Museoak. Juan Muñozen eskulturea dohaintzan emonda berretsi dau fundazinoak museoagaz daukan konpromisoa. Izan be, 1916an sortu zanetik, irabazi asmo bako erakunde horren helburua izan da Bizkaian letren, arteen, industrien eta zientzien aurrerabidea babestea.
Urriaren 28ra arte, Arte Eder Museoaren eraikin zaharrera doban sartu ahal izango da, herritar guztiek Juan Muñozen Hanging Figures ikusi ahal izan deien. Ganera, aurrerantzean, eraikin horretako harreragunearen izena Pedro de Icaza y Aguirre Halla izango da, Vizcaína Aguirre Fundazinoaren sortzailearen omenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!