Zeanuriko Andra Mari: Errautsetatik berpiztutako eleizea

Bizkaie! 2019-10-22 08:49   Kulturea

Hamaika tirabira eta ailego eragin zituan parrokia zaharbarrizteak.

Joan dan apirilaren 15ean Paris albiste iturri izan zan Notre Dame katedralean izandako suteagaitik. Albisteak paristarrak eta arte-mundua astindu zituan. Beste maila batean izan bazan be, antzeko zeozer jazo zan Zeanurin 1919ko urriaren 28an, Andra Mari parrokiaren barrualdea sute batek kiskaldu ebanean.
Jazoera harek zeanuritarrak astindu eta, aldi berean, dilema bat eragin eban herrian: parrokia zaharbarriztau ala plaza inguruan eleiza barria eregi? Dilema horrek lehenagotik etozen hamaika hasarre eta ailego berbiztu zituan herrian.

Jazoerearen 100. urtea beteten dala eta, egitarau berezi bat atondu dabe Zeanurin, helburu nagusi biren inguruan: alde batetik orain dala gizaldi bat jazo zan sutearen gorabeherak gogoratzea eta ezagutzera emotea; eta bestetik, antolatzen diran ekintzez gozetako aukerea emotea zeaniztarrei adiskidetasun-giro baten erdian, orain dala 100 urte emon zan tirabira eta ailego giroa alde batera itxiz. Bestalde, gura daben guztiei, zeaniztar zein beste herri batzuetako bisitariak gonbidau ditue antolatu dan egitarauan parte hartu deien.


Elizondoko gune monumentala

Zeanuriko Andra Mari parrokia Eleizondo auzoan kokatuta dago, eta Piedadeko ermiteagaz eta Nestor Basterretxearen Kurutzeagaz batera gune monumental interesgarria osotzen dau. Parrokia gaur egun guztiz zaharbarriztauta dago eta barruan Bizkaiko erretaularik interesgarrienetakoa dago; baina Andra Mari eleizeak hainbat gorabehera bizi izan ditu historian zehar; batez be oinarrien finkapen-arazoakaitik, baten baino gehiagotan zarratu egin behar izan da: holan, Lorenzo Francisco de Muñoz arkitektoak 1865ean egin eban txostenean esaten danez, 'elizeak arazo larriak zituan eta ondorioz gotzainak ateak zarratzea agindu eban. Oraintsuago, 1994ko maiatzean barriro zarratu behar izan eben eta zaharbarrizte lan sakonak egin ostean, 2000. urteko abuztuaren 15ean zabaldu zituan ateak.


Antxinatik etorren eztabaidea

Eleiza honen historia luzean, gaur egun oso ezaguna ez dan beste jazoera bat 1919ko urri bigarrenaren 28an jazo zan sutearena da. Barrualdea erre egin zan eta horren ondorioz dilema bat sortu zan: parrokia konpondu edo plaza inguruan eleiza barria eregi. Dilema horrek antxinatik —gitxienez 1866tik etozen eztabaidak eta liskarrak berbiztu zituan herritarren artean: alde batetik, plazatarrak edo matxinoak eleizea plazan eregitea gura izan eben; bestalde, baserritarrak eleizea zaharbarriztearen alde azaldu ziran. 1921ean plazan eregiko zan eleiza barriaren aurreproiektu bat be diseinau eban Inazio Rotaetxe injineru ospetsuak, baina azkenik, bigarren aukerea izan zan aurrera eroan ebena: Eleizondoko Andra Mari zaharbarriztea, hain zuzen be.

Sasoi haretan herrian bizi izan zan tirabira eta desadostasun giroaren isla dira Eulegio Gorostiagak Euskal Ikasketen Alkarteko Etbologia eta Euskal Folkloreko Laborategiaren 1925eko alean batutako bertsoak.

Kontuak kontu, Elizondoko gune monumentala balioesteko eta ezagutzera emoteko, egitarau berezia atondu dabe; egitarau horretan azpimarragarriak dira, urri bigarrenaren 26rako, zapaturako, antolatutako Kandelen gaua ekitaldia —Ondarearen Europako Jardunaldien ekintza bat da— eta hurrengo egunean ospatuko dan meza nagusia, bertan Joseba Segura Bilboko gotzain laguntzaileak parte hartuz.


Eleizeari buruz 1919an idatzitako bertsoak

Andra Mari parrokiaren barrualdea kiskaldu eban suteak eztabaida latzak agerrarazo zituan zeaniztarren artean: eleiza barri bat egin ala zaharra barriztau?. Eztabaida horren inguruan bertsoak be idatzi ziran. Bertso horreek Eulegio Gorostiagak Euskal Ikasketen Alkartearen Etnologia eta Euskal Folkloreko Laborategiaren 1925eko alean batu zituan. Hona hemen bertso horreetako batzuk:

Atxine ibili zirean
dirue batzean
konpondu behar zala
uda maiatzean.
Bueltak eman dituzte
bien bitartean
elixa hori daukogu
estadu txarrean

Gero pentsatu dute
eitia barria
baldin konforme balitz
Zeanuriko herria.
Berrogeita hamar metro
luzia naurria
haraxe bajetako
Birijina Maria

Atxakie franku
badago hoien artean
plazan on gure daure
guztiek nahastean.
Foltsan dirue balauke
bien bitartean
pozik ongo litzatekez
barrie ein artean

Orazinoko etxeak
atxinako legean
plazatikan aparte
egiten zirean.
Orain egin gura dabez
plaza bazterrean
konpormisoa franku
dagoen aldean.


Iñaki Lejarza, Andra Mariko azken kanpai-jolea

Urri bigarrenaren 26an, iluntzeko 20:00etan Kandelen gaua ekitaldiari hasierea emoteko ordua heldu dala adieraziko dabe kanpai-hotsek. Eta kanpaiak martxan ipiniko dituana 86 urteko Iñaki Lejarza (1933-V-20) izango da, Andra Mari parrokiako azken eskuzko kanpai-jolea. Eskuz eraginda jarten zituan dilin-dalanean kanpaiak Iñakik, baina orain botoi bat sakatuta jarriko ditu martxan. Haren aita Andres Lejarza izan zan familiako lehen kanpai-jolea eta Iñakik umetatik aitari laguntzen eutsan zeregin horretan. Aita hil zanean berak hartu eban lekukoa eta holan jarraitu eban 1994an, arazoak zirala eta Andra Mari parrokia zaharbarrizte beharrak egiteko zarratu zan arte. Danetara, 46 urtean izan zan Andra Mariko kanpai-jolea.

Iñakiren arabera, egunero-egunero hiru joaldi egiten genduzan: goizaldeko 06:30ean, arimena; 12:00etan, angelusa eta ilunkeran, abemariak. Hiru joaldi horreek kanpantorrera igon barik joten genduzan, kanpantorretik eleizako sarrerea etorren sokea tiratuz. Baina mezatara deitzeko, kanpantorrera igoten nintzan eta eskuz eragiten nituen kanpaiak. Kanpantorreko hiru kanpaiak —handi bat eta txiki bi— aldi berean jo behar baziran, aitari nik eta Jose Antonio anaiak laguntzen geuntsan. Gero, ni kargu egin nintzanean, nire seme biak, Pedrok eta Jose Antoniok, laguntzen eustien. Eguneroko hiru joaldiak kanpantorrera igon barik joten ziranez, nire emaztea, Benedikta Ibarrando (1933-VI-29) be sarritan arduratzen zan zeregin horretaz.

Baina eguneroko hiru joaldiez gan, beste batzuk be baegozan eta badagoz, bakotxa bere berezitasunagaz: adibidez hil-kanpaiak baten bat hilten zanean joten ziran: gizonezkoa bazan hasieran hiru joaldi egiten ziran; andrazkoa bazan, bi. Sute bat baegoan su-kanpaiak joten ziran; ekatx gogorren bat etorrela ikusten bazan harri- kanpaiak....

Iñakik gogokoen dituan joaldiak jaietakoak eta Gabonetakoak dira, joaldi luzeak, baina aldi berean poztasuna adierazoten dabenak. Ganera, hemen Zeanurin, oraindino be zapatuetan eta jai-bezperetan arrastiko hiruretan beti joten dira kanpaiak.

Gaur egun Iñaki jubilatuta dago, Andra Mari parrokiaren ondoko etxean bizi da eta egunero begiratzen dau kanpantorrera. Hilaren 26an, ez ditu igon beharko hamaikatxu aldiz igon zituan kanpantorreko ehundik gora eskailarak; botoi bat sakatuta jarriko ditu martxan hiru kanpaiak, eta holan orain dala 100 urte izandako sutea gogoratzeko plazatik Eleizondora kandelakaz egingo dan ibilaldiari urteteko abisua emongo deutso.

Hurrengo egunean, Joseba Segura Bilboko gotzainburu izango dauen meza nagusira deitzeko, Iñakiren semeak, Pedro eta Jose Antonio, kanpantorrera igoko dira kanpaiak eskuz eragiteko.

 

Egitaraua

- Eguna: urriaren 19a, zapatua. Alkargunea eta ordua: Eleizondon, 10:00etan. Bisita gidatua: Eleizondoko gune monumentala, Jon Urutxurturen eskutik.


- Eguna: 2019ko urriaren 25a, barikua. Tokia eta ordua: kultur etxean, 19:00etan. Berbaldia: Sute baten historia bizia, Ander Manterolaren eskutik.


- Eguna: 2019ko urriaren 26a, zapatua. Alkargunea eta ordua: Zeanuriko plazan, 20:00etan.

Ekintzak:

*Kanpaiak jotea. Kanpaiak Iñaki Lejarzak, Andra Mari parrokiako azken kanpai-joleak ipiniko ditu martxan.

* Kandelen Gaua ibilaldia, plazatik Eleizondora, Zeanuriko txistularien soinuagaz lagunduta.

* Harrera Eleizondon, kanpantorretik Aitziber eta Ikerrek joko daben toberearen soinuagaz.

* Musika emonaldia parrokian: Gontzal Mendibil, Olatz eta Esti, Zeanuriko Abesbatza, Karmele Angoitia organujolea, bertsolariak...

- Eguna: 2019ko urriaren 27a, domekea. Ordua: 11:30ean, meza nagusia, Joseba Segura Etxezarraga Bilboko gotzain-laguntzailea buru dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu